Legebiltzarrak luzatu egingo du hezkuntza-legearen zirriborroari alegazioak aurkezteko epea
Alderdi gehienek eskatu ondoren, etorkizuneko hezkuntza-legerako oinarrien dokumentua lantzen ari den Legebiltzarreko lantaldea ostegun honetan bilduko da alegazioak aurkezteko epea luzatzeko. Luzapen hori, baina, zenbatekoa izango den gaur zehaztuko dute.
Hasiera batean, epea ostiral honetan amaitzeko zen, otsailaren 18an. Adostutako egutegiaren arabera, alegazioak hilaren 28an bozkatu behar zituzten ponentzian, eta behin betiko testua martxoaren 8an onartu behar zuten batzordean.
Elkarrekin Podemos-IU, PSE-EE eta PP+Cs alderdiek, baina, epea luzatzea eskatu dute, eta eskari hori aurrera aterako da; izan ere, EAJ eta EH Bildu ados daude, ahalik eta adostasun handiena lortze aldera. "Helburua akordio zabala lortzea da. Epeak luzatzeak hori errazten badu, ez dugu aurka egingo", adierazi dute.
Euskadi Irratian egindako elkarrizketan Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du hezkuntza herri erronka dela eta ondo finkatu behar direla bere oinarriak luzaroan iraun dezan.
Bestetik, PSE-EEri zuzenduta, mezu argia bidali dio bazkide duen alderdiari: "Eskola publikoari dagokionez, ez du PSE-EEk zalantzarik izan behar zein den gure konpromisoa". Azken egunetako ika-miketatik harago, bi alderdien arteko akordioa posible izango dela esan du, eta, are gehiago, adostasun hori zabalagoa izango dela aurreikusi du.
Bazkide diren EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa izan arren, beste taldeen babesa ere nahi dutela esan du, eta datu bat eman du; legegintzaldi honetan Eusko Legebiltzarrean aurrera atera diren ekimenen ia erdiak beste talde batekin edo gehiagorekin adostu direla, hain zuzen ere.
Eusko Legebiltzarreko batzordean aurkeztutako dokumentuak sektorearen ekarpenak jasotzen ditu, eta Hezkuntza Lege berrirako abiapuntua da.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda