Amondo: "Korrikak duen sen bateratzailea artikulatzen asmatu behar dugu"
Euskal Herria alderik alde zeharkatuta, eta 2.180 kilometro egin ondoren, igandean iritsiko da Korrika helmugara, Donostiara. Handia izaten ari da aurtengoa, eta amaiera ere halakoa izatea espero dute antolatzaileek. Pandemiak euskara are egoera zaurgarriagoan utzi duen honetan, euskarak euskaldun proaktiboak behar dituela aldarrikatu dute bazterrik bazter, 'HitzEkin' leloaren bidez.
Amurrion duela bederatzi egun abiatu bazen ere, askoz lehenago hasi zen lasterketa Asier Amondo Korrikaren koordinatzailearentzat eta haren lankideentzat. Zurrunbilo gozo batean atzera eta aurrera dabiltza egunotan, asteko zein egunetan eta zein ordutan bizi diren ia jakin gabe. Azken txanpara olatu gaineko aparretan iritsiko direla besterik ez dakite, eta olatu horri astelehenetik aurrera nola eutsi da buruan duten erronka nagusia. "Korrikak ez du euskara salbatuko", esan du Amondok, "baina Korrikak duen sen bateratzailea artikulatzen asmatu behar dugu, bakoitzak beretik, bere abiaduran, euskararen aldeko urratsak egin ditzan eta euskarak espazio berriak bereganatu ditzan".
Azken kilometroen atarian, zein da antolatzaileon sentsazioa?
Sentsazio oso onarekin heldu gara azken txanpara. Aurretik ere ikusten genuen aurtengoa berezia zela, eta hala ari da izaten. Korrika hau handia izaten ari da. Herritarrak gogotsu zeudela sumatzen genuen, Korrika-gose handia igartzen genuen, errepideak eta plazak hartzeko irrikaz zegoen jendea. Orain arteko bidea ikusita, aurtengo Korrikak maila bat gora egingo duela uste dugu, eta gure irudipena da Korrika handia egin dugula. Adibidez, aurreko asteko irudiak izugarriak izan ziren, elurretan eta gauez. Benetan harrigarria izan zen nola atera ahal izan genuen Korrika aurrera baldintza horietan. Oso pozik eta harro gaude.
Korrika guztiak dira bereziak, baina zerk egin du are bereziago aurtengoa?
Guretzat erabaki oso traumatikoa izan zen iaz Korrika bertan behera utzi behar izatea. Pandemia baten ondoren iritsi da aurtengo Korrika, euskarari kalte handia egin dion pandemia batetik, euskara are egoera zaurgarriagoan utzi du. Hori dela eta, euskararen aldarria zabaltzeko gogoa inoiz baino handiago dela sumatzen dugu. Etxean sartuta egon dira herritarrak hilabete askoan, eta euskara erabiltzeko espazioak galdu dituzte. Ume askok eskolan bakarrik dute euskara erabiltzeko aukera, eta hori ere galdu egin zuten pandemian. Orain, euskarak berriro kaleak hartu behar ditu, hori da erronka.
Azkenekoz 2011n amaitu zen Donostian Korrika. Handia izan zen egun hura, eta aurtengoak ere kolosala izateko itxura osoa du. Nolako amaiera aurreikusten duzue?
Festa ederra prestatu dugu. Adin guztietako herritarrentzat egongo da eskaintza zabala. Denentzako eta denetarik. Nolabait esan dezakegu pandemia aurreko normaltasuna berreskuratuko dugula. Jakin badakigu jendetza bilduko dela Donostian. Herri askotan autobusak antolatzen ari dira, eta, eguraldia lagun, Korrikak amaiera paregabea izango du.
Korrikaren amaiera guztiak dira bereziak, eta aurtengoa ere hala izango da. Ondorengo festa Donostiako gune ezberdinetan banatuta egongo da, eta denentzako lekua izango da. Antolatzaileon partetik, herritarrei furgonetatik behin eta berriz esaten ari garena eskatuko nieke: jendeak bere burua zaindu dezala, eta ondoan duena ere bai.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots dira aurtengo omenduak, euskararen aldeko eragile aktibo izateagatik eta transmisioan egindako lanagatik. Bi norabidetako transmisioan jarri duzue azpimarra: goitik beherakoan eta behetik gorakoan.
Bai, dudarik gabe. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 34 urteko ibilbidea egin dute euskalgintzan. Euskara hutsean aritu dira urte horietan guztietan, eta modu transbertsalean erabili dute hizkuntza, gai ugari landuz. Omenaldia merezi zutela argi geneukan, batez ere, transmisioan asko egin dutelako: umeengandik gurasoengana eta gurasoengandik umeengana. Euskara bi norabidetan erabiltzea ahalbidetu dute, euren ikuskizunekin.
'HitzEkin' leloaren bidez, euskarak euskaldun aktiboak behar dituela aldarrikatu nahi duzue, konbentzimendutik ekintzara jauzi egingo dutenak. Espazio berrietara iritsi behar du euskarak, baina nola?
Bai, hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua da. Hitzek egiten dute hizkuntza, eta ekintzek egingo dute euskarak bizirik jarraitzea. Nork bere arlotik eta nork bere abiaduran, azkarra bada hobeto, bilatu behar dugu zeintzuk diren euskaldundu behar ditugun espazio berri horiek. Espazio askotara ekarri behar da euskara, baina bi oso argi ditugu: aisialdiarena eta lan munduarena. Batetik, oso garrantzitsua da herritarrek euren aisialdian euskaraz aritzeko guneak izatea, eta, bestetik, lan mundua euskalduntzea da parez pare dugun erronka nagusietako bat. Gazteek lan mundura salto egiten dutenean, mundu horrek erdaraz funtzionatzen du, euskarak oso presentzia txikia du. Espazio horietan euskarak bere lekua izatea lortu behar dugu.
Bide horretan, Korrikak badu oso ekimen gutxik duten sen bateratzailea.
Zubigintza, elkarlana eta auzolana dira Korrikaren ardatzak. Sorreratik, ahalik eta eragile gehien ekimenera batzea da Korrikaren helburua. Kolore, forma eta izaera guztietako eragileen topaleku izatea bilatzen dugu. Bilatu bakarrik ez, lortu ere lortzen dugu! Korrikak ezin du bere sen integratzaile hori galdu, hori da bere ikur nagusietakoa.
Hain zuzen, euskarari bizirik eutsi nahi badiogu, urratsak denon artean egin behar ditugu, partaide bakoitza da garrantzitsua bide horretan. Bakoitza bere abiaduran joango da, baina denon inplikazioa ezinbestekoa da, elkar zainduz eta elkar elikatuz
Igaroko da Korrika, jaitsiko da aparra, eta astelehenetik aurrera nola eutsiko zaio indar erakustaldi honen giharrari?
Astelehenetik aurrera, denok geure buruari begiratu eta gogoeta egin beharko dugu: hartu dut parte ekimen zoragarri honetan, eta orain, zer egin dezaket nik euskararen alde? Galdera hori egin beharko liokete euren buruari herritarrek, erakundeek, enpresek eta Korrikan parte hartu duten gainerako talde guztiek. Euskarak aurrera egin dezan, bakoitzak bere esparruan egin behar ditu urratsak. Bakoitzak berean konpromisoak hartu beharko ditugu, euskararen etorkizuna bermatu nahi bada. Gauza bat argi dago: Korrikak ez du euskara salbatuko. Herritar guztion egunerako lana da euskararen etorkizuna bermatuko duena, eta guztiok elkarlanean eta auzolanean egin beharko dugu bide hori. Maila pertsonalean eta kolektiboan egin behar dugu aurrera.
Albiste gehiago gizartea
Hasi da ikasturtea Euskal Herrian, Adimen Artifizialari buruzko ikastaroak berrikuntza dituela
50.000 ikasle inguru eskoletara itzuli dira. Hezkuntza Ministerioak ikasleen buru-osasuna gertuagotik zaindu nahi duela jakinarazi du, eta horretan arituko diren ordezkariak izendatuko ditu lurralde guztietan.
Larunbatera arte Estatuko telebisten topaleku bihurtuko da Gasteiz
Gaur hasiko da FesTVal jaialdiaren 17. edizioa. Telebista kateen berrikuntzak eta telebista izar eta jarraitzaile oldea espero da bertan.
114 pertsona hil dira udan Euskadin beroaren ondorioz, 2024an baino 52 gehiago
Abuztuan 74 heriotza zenbatu dira, gehienak hilaren 11 eta 22 artean, egunik beroenetan.
EITBko langileek bat egin dute Mugarik Gabeko Kazetarien ekimenarekin, Gazako kazetarien hilketak salatzeko
50 herrialdetako 200 komunikabidek baino gehiagok bat egingo dute astelehen honetan Mugarik Gabeko Kazetariek bultzatutako mundu-mailako mobilizazioarekin, "Gazako kazetarien aurka propio egindako sarraskia" salatzeko eta atzerriko prentsari Zerrendan oztoporik gabe sartzen uztea eskatzeko.
Pertsona bat hil da Azazetako mendatean, bi autok elkarren aurka talka eginda
Beste pertsona bat ibilgailutik atera behar izan dute suhiltzaileek, eta Txagorritxuko Ospitalera eraman dute, zaurituta. Ezbeharraren ondorioz, A-132 errepidea itxita egon da, bi noranzkoetan.
Bartzelonatik Gazara abiatu zen flotillak itzuli behar izan du, eguraldi txarragatik
Itsaso zakarraren ondorioz, ontziek ezin izan zuten aurrera egin eta Bartzelonako kostaldean jarraituko dute aroa hobetu arte.
Eskolara itzultzea, inoiz baino garestiago: aurrezteko zenbait gomendio
Inflazioak eta prezioen garestitzeak eraginda, iraila hilabete kritikoa da familientzat, ikasturteari aurre egiteko prestatzen ari baitira, beharrezko eskola-materiala erosita.
Jose Mari Ustarroz eta Lekarozko 'Infernuko Gazta' Artzai Eguneko protagonista
4.950 euro ordaindu dituzte 44. Gazta Lehiaketako gazta irabazlearengatik. Euria ere izan den arren, Aralar Mendi Elkartea pozik agertu da aurreikuspen guztiak gaindituta, "txiki geratu" delako Uharte Arakil.
Bi txirrindulari ospitaleratu dituzte Nafarroan, pronostiko erreserbatuarekin, auto banak harrapatuta
58 eta 51 urteko bi gizonek kolpe larriak jasan dituzte eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte bi zirkulazio-istripuren ondorioz, bata Eguesibarren gertatu da eta bestea Berriobeitin.

26.000 ikasle itzuliko dira eskolara astelehen honetan Ipar Euskal Herrian
Ikasleen %13k Seasko murgiltze ereduan ikasiko dute. Aurten, berrikuntza gisa, gaskoia erakutsiko diete Samatzeko ikasleei astean hiru orduz.