Arriskuen prebentzioko arduradunek erabakiko dute lanpostuetan maskara erabili ala ez
Carolina Darias Osasun ministroak adierazi duenez, maskara ez da derrigorrezkoa izango lanpostuetan, baina azken hitza enpresetako prebentzio-arduradunek izango dutela jakinarazi du.
Bihartik aurrera jada ez da nahitaezkoa izango barrualdean musukoa jartzea, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi baitu toki itxietan maskara erabiltzeko derrigortasuna, hainbat lekutan salbu: osasun zentro eta zerbitzuetan (ospitaleetan, anbulatorioetan, odola emateko zentroetan edota farmazietan), adinekoen egoitzetan eta garraio publikoan (hegazkinetan, trenetan —nasetan ez da derrigorrezko izango—, autobusetan, tranbietan eta itsasontzietan 1,5 metroko distantzia ez badago).
Ikastetxeetan ere musukorik gabe ibili ahal izango da aurrerantzean, eta, lan eremuan ere, oro har, ez da behartuko horren erabilera. Hala ere, ministroak zehaztu du enpresetako lan-arriskuen prebentzioko arduradunek "lanpostuaren arriskuaren azterketaren arabera" adostu ahal izango dutela musukoa jantzi edo ez.
Hego Euskal Herriko enpresa haundietan oro har, momentuz, eutsi egingo diote musukoaren barneko erabilerari. Zuhurtziaz jokatu nahi dute gehientsuenetan, eta beraz, dekretua ondo irakurri arte ez diete langileei argibiderik emango.
Hori da Iruñeko Volkswagenen kasua, Gasteizko Michelinena baita Fagor Arrasaterena ere, besteak beste. Enpresa txikietan, berriz, nahasmena da nagusi. Langile askok oraindik ez dakite bihar lanera musukoa jarrita sartu beharko duten edo ez.
Rafael Bengoa Osasun Publikoko adituak gaur goizean Euskadi Irratiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, lantokian "aireztapen txikia badago, hobe da maskara eramaten jarraitzea", eta pertsona ahulei, tratamenduan daudenei, immunodeprimituei eta adinekoei maskara erabiltzen jarraitzea gomendatu die.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda