30 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekideari eraso egitea egotzita
Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak 30 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Atxilotuak genero indarkeria aurrekariak ditu. Emakumea ospitalean dago.
Ertzaintzak jakitera eman duenez, gertakariak ostegun goizaldean jazo dira San Frantzisko auzoko etxebizitza batean.
Genero indarkeria kasu baten berri izan dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, eta bi polizietako patruilak bertaratu dira.
Ertzainek eta osasun langileek emakumea artatu dute. Begi batean zauriak eta gorputzean hematomak zituen, erasoaren ondorioz. Anbulantzia batek biktima Basurtuko Ospitalera eraman du, eta bertan ospitaleratu behar izan dute.
Ustezko erasotzaileak etxebizitza utzi du, baina Bilboko udaltzainek aisialdi zonalde batean aurkitu dute; haren nortasuna egiaztatu ondoren, gizona atxilotu dute.
Atxilotuak genero indarkeria eta jabetzaren aurkako delituen aurrekariak ditu. Ertzain-etxera eraman eta Bilboko epaitegiaren esku jarriko dute.