memoria historikoa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bermeok omenaldia egin die "autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde" borrokatu ziren gudariei

Iñigo Urkullu lehendakariaren aburuz, "behar instituzionala eta soziala" da "bidegabeko gerra batean sufritu zutenen egia eta duintasuna" lehengoratzea.
Bermeon omenaldia. Argazkia: @BermeokoUdala
Bermeon omenaldia. Argazkia: @BermeokoUdala

Bermeoko herriak omenaldia egin die larunbat honetan "autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu ziren" herriko miliziano eta gudariei, Goiko Plazan egindako ekitaldi instituzional batean.

Besteak beste, bertan izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, Josu Erkoreka lehendakariordea, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Xabier Olabeaga Matxitxako Elkarteko presidentea, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria eta Juan Azkarate Araukua itsas-gudaria.

Gogora Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Institutuaren lankidetzarekin antolatutako ekitaldian protagonismo berezia izan du Juan Azkaratek. 100 urte bete ditu gaur, eta gudari eta milizianoen omenezko plaka estalgabetu du, udaletxeko fatxadan.

Bere parte-hartzean, Urkullu harro agertu da gudari horiek "ohoratzeaz", eta esker ona adierazi dio Azkarateri.

"Heriotzaren heriotza da gerra, erbestea, kontzentrazio-esparruak, kartzelaratzea! Baina zenbat oinaze dagoen hitz bakoitzaren atzean, egoera horretan emandako egun bakoitzaren atzean", esan du lehendakariak.

Horregatik, Juan Azakarateri eta Bermeoko "gudari eta miliziano guztiei" eskertu die "faxismoaren aurrean gobernu demokratiko bat defendatu izana". "Egin duzun guztiagatik, bakeagatik, giza eskubide eta askatasunengatik", esan dio 100 urteak bete dituen gudariari.

Bestalde, Aritz Abaroa herriko alkateak adierazi du, "erakunde gisa", Udalak "gisa honetako omenaldi bat" zor zuela. "Eta egitea lortu dugu", azpimarratu du.

Gainera, ohartarazi duenez, "denborak zauri oro sendatzen duela dioten arren", onartu beharra dago "denborari berari ere denborak markatu" behar zaizkiola. "Sendaketa prozesua ezin da ahanztura eta itxikeria prozesu bilakatu. Justiziak eta aitorpenak bakarrik ixten dituzte zauriak eta, besteak beste, erakundeei dagokigu horretarako lan egitea", esan du.

Bermeoko alkateak gogorarazi du asko izan zirela "autogobernuaren eta askatasunaren defentsaren alde bizia emateko prest agertu ziren bermeotarrak". "Nabarmentzekoa da, ideologia politiko desberdinen gainetik, guztiak batu zituztela zenbait helburu komunek: herriaren defentsak, legalki eratutako erakundeen defentsak eta herritarren defentsak, alegia, demokraziaren defentsak", gaineratu du.

Bukatzeko, "memoria lantzeko" deia egin du, eta "gure arbasoek irekitako bidetik" jarraitzekoa, "zauriak aitorpenarekin eta justiziarekin sendatuz".

Zure interesekoa izan daiteke

CEUTA, 20/08/2026.- Migrantes son desalojados de la playa del Trampolín en Ceuta tras habilitarse un espacio para su acogida este jueves. El Gobierno ha habilitado temporalmente varios espacios para la acogida de 1.800 personas migrantes que se encuentran en situación de calle en la playa del Trampolín y en la zona de Loma Colmenar, en Ceuta, que prevé ampliar progresivamente. EFE/Reduan
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

1.200 pertsona migrantetik gora lekualdatu dituzte Ceutako El Trampolin hondartzatik harrera-gune berrietara

Goizean ekin diote pertsona migratzaileak lekualdatzeko lehen faseari, uztail amaieran Ceutan izandako oldearen ondotik hondartza hustu asmoz. Lekualdatzea oinez eta taldeka egin da, inolako isitilurik gabe. Lekualdatutako ia erdiak hondartzara itzuli dira; gehienak, beren gauzak berreskuratzera, baina batzuk berriro han lo egiteko asmoz bueltatu dira.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X