N-1 errepidea erabat itxiko da Ordizian larunbatetik iganderako gauean
N-1 errepidea bi noranzkoetan itxiko da igandean, uztailaren 10eko 00:00etatik 07:00etara. Mozketak 1,6 kilometroko zatiari eragingo dio, Ordizia hegoaldeko 420 lotunetik Ordizia iparraldeko 422 lotunera. Bidegi foru agentziak AT Sistemako lau arku berrietatik lehena jarriko du errepideko puntu horretan, eta arku hori lekuz aldatu eta muntatzeko lanak egingo dira asteburu honetan.
Alternatiba gisa, bi noranzkoetako ibilgailu arinak GI-2133 errepidetik eta Ordiziako erdigunetik desbideratuko dira N-I errepidera berriro itzultzeko. Arabatik edo Nafarroatik Behobiarako noranzkoan datozen ibilgailu astunek Etzegarate saihestu beharko dute, eta Altsasuko lotunean A-10 eta A-15 autobideetatik Andoainera heldu. Gipuzkoatik Arabara eta Nafarroara doazenek ibilbide bera egin beharko dute alderantzizko noranzkoan. AP-8/AP-1 autobidetik ere zirkulatu dezakete. Bidegi foru agentziak, ahal den neurrian, puntu horretako joan-etorriak aurreratzea edo atzeratzea gomendatzen du, itxierarekin bat ez etortzeko.
Kamioiak mozketa-gunera hurbiltzen badira, Mallutzeko industrialdean eta Ordiziako N-I errepidera sartzeko adarretan geratu beharko dute lanak amaitu eta errepidea berriro zabaldu arte.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, A-636 autobiako eskuineko erreia itxita egongo da Ormaiztegin, Beasaineko noranzkoan, zorua berritzeko lanengatik. Une oro, erreietako bat irekita egongo da, 3,5 metrotik gorako zabalera duten garraiobide berezietarako izan ezik; izan ere, horien tamaina dela-eta, ezin izango dute tarte horretatik igaro.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda