Kamioilaria behin-behinean eta fidantzapean espetxera bidali dute, Sunbillako ezbeharra eragitea egotzita
Asteazkenean, N-121-A errepidean, Sunbillan (Nafarroa), kontrako noranzkoan zihoan eta motor-gidari irundarraren aurka aurrez aurre talka egin zuen kamioilaria espetxera bidali du Iruñeko Instrukzio-epaitegiak. Konkretuki, behin-behineko espetxealdia ezarri dio, 12.000 euroko fidantzapean.
Gainera, epaileak ibilgailua eta gidabaimena atxiki dizkio, kamioiaren gidariak gutun berdea (nazioarteko aseguru ziurtagiria) iraungita ote duen egiaztatzeko "beharrezko denboran".
Epaileak Txekiar Errepublikako kamioilariari arduragabekeria larriko homizidioa leporatu dio.
Fiskaltzak behin-behineko espetxealdia eskatu du, baina fidantzarik earri gabe. Defentsak, ostera, aske uztea erreklamatu du.
Ebazpen judizialean, gidariari arduragabekeria larriko homizidio delitua leporatzeko "nahikoa zantzu" daudela azaldu du epaileak. Espetxeratuari 1 eta 4 urte arte kartzela-zigorra ezarri diezaiokete.
Foruzaingoaren txostenak argitu duenez, ezbeharra lanak zeuden tarte batean gertatu zen. Bidea hartzeko zalantzak izan, kontrako erreian sartu eta 58 urteko motozale irundarraren aurka aurrez aurre talka egin zuen inputatuak, ebazpenaren arabera. Motor-gidaria errei zuzenetik zihoan; kamioiko gidaria, aldiz, kontrako noranzkoan.
Kriminalitate zantzuei dagokienez, behin betiko txostenaren zain, epaileak uste du 60 kilometro orduko tarte batean kamioiak 105 kilometro orduko abiadura harrapatu zuela.
Atxilotuak deklaratzeari uko egin dio; beraz, bere bertsioa ezagutzea ezinezkoa izan da, epaileak azaldu duenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda