Pertsona bat harrapatu du Metroak Bilbon, Abandoko geltokian
Gizon bat harrapatu du gaur goizaldean Metroak Bilbon, Abandoko geltokian, eta Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute. Ez dago zaurituaren egoeraren berririk.
Ezbeharra 02:40ak aldera gertatu da, oraindik argitu ez diren arrazoiak medio.
Istripuaren ostean, geltokia hustu egin dute, eta metro zerbitzua etenda geratu da Alde Zaharra eta Indautxu artean 03:30ak arte.
Udaltzainak, ertzaintzak, suhiltzaileak eta osasun langileak aritu dira lanean.
Ikerketa zabalik da une honetan, zer gertatu den argitzeko.
Ez da izan Aste Nagusiko azken gaueko ezbehar bakarra. Izan ere, Bilboko Epaltzaren Alargunaren kalean sutea piztu da bart, eta, ondorioz, 8, 9 eta 10 zenbakiko atarietan bizi diren bizilagunak etxetik atera, eta lau txosnatan zegoen jendea bertatik atera behar izan dute.
Gainera, pertsona baten bila ere ibili dira gau osoan ibaian. 00:30 aldera, lekuko batek abisu eman zion Ertzaintzari gizon bat ikusi zuela ibaira salto egiten Olabeaga parean, eta ez zela ageri. Gau osoan bila ibili dira Gurutze Gorriaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren hiru ontzi pertsona horren bila uretan baina ez dute topatu. Eten egin dira bilaketa lanak, eta goizean zehar egindako bileran bilaketa bertan behera uztea erabaki dute. Ez dakite bere kabuz irten den, edo lekukoak ondo ikusi ez duen. Zantzu berririk izan ezean ez dute berriro martxan jarriko.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda