Kezka da nagusi Arabako Errioxako ardo-ekoizleen artean, esportazioen beherakadaren ostean
Mahats-bilketaren Jaia ospatzen ari dira milaka arabar Lantziegon igande honetan, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean. Jai giroa izan da nagusi, kezka kutsu batekin; izan ere, esportazioek behera egin dute urteko lehen seihilabetean eta lehorteak uztari eragin diezaioke.
Aurtengo ardoaren jaia ezberdina da, lehorteak uzta baldintzatu duelako. Gorka Mauleon El Mozo Wines upategiko arduradunak krisi klimatikoarekin lotutako gogoeta egin du Euskadi Irratiko Landaberri saioan. "Aldaketa klimatikoaren ondorioak sufritzen hasiak gara. Argi ikusten da. Kasu honetan, mahats gutxiago biltzeaz gain, azidotasun mailak behera egin du. Esan daiteke kalitateari ere eragin diola. Ardogileon arazo nagusiak izango dira datozen urteetan", adierazi du.
Ordezkaritza politiko esanguratsua gerturatu da ekitaldira, Iñigo Urkullu lehendakaria tartean. "Arabako Mahastiak" deritzon ekimenak eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak horri buruz hartutako azken erabakiak izan dituzte ardatz horien adierazpenek.
% 15 jaitsi da Arabako Errioxako ardoaren esportazioa 2021eko aldi berdinaren aldean
Errioxako zigilu ezagunetik atera nahi dute Arabako hainbat upategik, eta horietako hamabost, gehientsuenak upategi koxkorrak, antolatu egin dira "Arabako Mahastiak" marka propioaren baitan. Izendapena atera egin nahi dute, funtsean, bizirautea helburu izanda. Europara, Bruselara, eraman dute eskaera, eta espero dute berandu baino lehen Jaurlaritzak berak ere behin-behineko baimena ematea izendapen berria erabiltzeko.
Aurten, ohi baino goizago hasi dira mahatsa biltzen, kezka berri batekin gainera; inflazioa. Prezioen igoera tarteko, esportazioak murriztu egin dira eta kezka hedatu da ekoizleen artean.
Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, % 15eko beherakada izan dute esportazioek azken seihilekoan, iazko datuekin alderatuta.
Bestalde, ekoizpen kostua igo egin da eta, hortaz, 15,4 milioi litro esportatu badira eta prezioak % 17 igo badira ere, esportazioen prezioa bere horretan mantendu da. Hala, Orozek nabarmendu du ez dela "datu ona sektorearentzat", ez baitu konpentsatzen fakturazioa mantentzeak ekoizpen kostuen garestitzearen aurrean, eta "galerak sortzen ditu".
Era berean, azpimarratu du merkatuak berak ere aldaketak bizi izan dituela: orain arte esportazio gehienak Erresuma Batura edo Suitzara egiten baziren, egun, AEB, Kanada edo Mexiko bilakatu dira erosle nagusi.
"Arabako Mahastien" inguruko polemika
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak salatu duenez, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren estatutuen moldaketa "lehia askearen aurka doa". Gainera, "ardura" eskatu die upategiei, baita mahatsaren trukean "bidezko" prezioa ordaintzeko ere.
Gonzalezek gogorarazi du "Arabako Errioxako Deitura eredu baterantz" iristeko pausoak ematen ari direla azken urteotan, eta "etorkizunerako aukerarik onena" dela.
Ildo beretik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak uste du Arabako Errioxako ardoek berariazko ezaugarriak dituztela, baina Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren "aterkipeko" desberdintzapena eskatu du.
Kontseilu Arautzaileak bere mahastien esklusibotasuna blindatzeko hartutako erabakiari buruz, Anduezak adierazi du espero duela egin beharreko aldaketak "legezkotasunaren barruan" izatea, eta "batasuna" eskatu du, Errioxa deitura sustatzeko.
Bestalde, sektorea "argitasunez, mezu garbiekin eta erabaki ausartekin" bultzatzeko eta defendatzeko deia egin du EH Bilduk. "Premisa horietan oinarritutabakarrik berma daiteke Arabako Errioxan bizi eta lan egiten dutenentzako etorkizun duina", nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkide eta Arabako ahaldun nagusia izateko hautagaiak.
Hori dela eta, Errioxa Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileari zuzendu zaio, ez dituelako "upategi txiki eta ertainak babesten, ezta defendatzen ere"; aitzitik, zalantzazko legezkotasuna duten neurriak hartuz mehatxu egitea leporatu dio. Zentzu horretan, produktuak ekoizteko eta saltzeko alternatibak bilatzen dituztenak diskriminatuz, upeltegiak ez ezik, eskualdea ere arriskuan jartzen duela ziurtatu du.
Gainera, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak salatu egin du "EAJk ardoaren sektorea urratzeko, jarkitzeko eta banatzeko daukan obsesioa", eta alderdi horri egotzi dio Errioxa eta Arabako Errioxa deituren irudia kaltetu izana, "sektorea politizatzen" saiatzean.
Arabako PPko burua "kalitatearen bidetik ardoen desberdintzapenean" aurreratzearen alde agertu da, ardogileen eta upategietako langileen "akordioa eta adostasuna" onarri hartuta. Haren aburuz, "ez EAJk ez Arabako aldundiak" ez dute hori egiten.
Zure interesekoa izan daiteke
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, programazioaren zati batekin airean, greba dela eta
Blusen eta nesken kuadrillek Andre Maria Zuriari egindako lore-eskaintza eta aurreskua izango dira asteazken honetan Gasteizko jaietako ekitaldi sinbolikoenak. Ikuskizunen eta ekitaldien sektorearen greba deituta dago gaur, eta hainbat kontzertu eta jarduera zalantzan daude.
69 urteko motozale bat hil da Gaubean, auto baten aurka talka eginda
Istripuaren ondoren, Txagorritxuko Ospitalera eraman dute zauri larriekin, eta han hil da ordu batzuk geroago.
Martxoak 3ko sarraskia gogoan, Zeledonek hasiera eman die Ama Zuriaren jaiei
Baskoniako ordezkariek suziria piztu eta Zeledon jaitsita, festa lehertu da Gasteizen, Andra Maria Zuriaren plaza gainezka zegoela.
Gizon bat hil da Lizarran, balkoi batetik erorita, Poliziarengandik ihesi zihoala, genero-indarkeria kasu baten ostean
Ikerketaren arabera, hildakoa laugarren solairutik erori da balkoi batetik bestera igarotzen saiatzen ari zela, agenteak Santiago plazako etxebizitza batera iritsi direnean. Bertan, emakume batek eraso baten berri eman du. Auzia sekretupean dagoenez, ez dute emakumearen egoeraz informatu.
Uharteko parrokoak "Rabat bonbardatzea" eta migratzaileei suarekin erantzutea proposatu du
Javier Aizpun apaizak hainbat mezu argitaratu ditu X sare sozialean Ceutako migrazio krisiaren inguruan, eta Marokoren eta migratzaileen aurkako muturreko neurri gogorrak proposatu ditu.
Zuzenean: Zeledonen igoera
Jarraitu zuzenean Zeledonen igoera Joseba Olagarai eta Josu Pedruzoren kontakizunarekin.
Zuzenean: Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera
Jarraitu zuzenean Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera, Ilaski Serranoren eta Josu Pedruzoren komentarioekin.
Poliziak duela 16 urte Fiteroko monasteriotik lapurtutako egurrezko erliebe bat berreskuratu du
Fiteroko Santa Klara Monasterioko aldare nagusian zegoen, eta handik hartu zuten duela 16 urte. Zizelkatutako egurrezko erliebea herriko apaizari eman zaio.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Andre Maria Zuriaren jaiak 18:00etan hasiko dira, Zeledonen jaitsierarekin. Baskoniak botako du txupinazoa aurten. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etatik aurrera.
Zuzenean: Zeledonen jaitsiera
Gasteizko jaiak gaur hasiko dira, 18:00etan. Zeledon jaitsiko da eta Baskoniak txupinazoa botako du. EITBk zuzenean emango du ospakizunen hasiera, 17:30etik aurrera.