Jaurlaritzak euskarari buruzko epaiaren aurka joko du: "Ez du aintzat hartzen 40 urtetan egindako bidea"
Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko dio Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako 2. Epaitegiak astelehen honetan kaleratutako ebazpenari. Ebazpen horrek arrazoia ematen dio UGTri, eta ahalbidetu egiten du euskarazko B2 mailarik ez duten izangaiak Euskadiko Udaltzaingoen lan poltsan sartzea.
Goizean Segurtasun saileko iturriek Euskadi Irratiari baieztatu ondotik, eguerdian, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak berretsi egin du Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan errekurtsoa jarriko dutela.
Hala, gogoratu du 40 urtetan zehar euskarari buruzko hainbat dekretu onartu direla, tartean, euskararen erabilera normalizatzeko dekretua, eta hor irizpide batzuk ezarri zirela. "Orain ezagutu den epai honek ez du aintzat hartzen 40 urteotan gure administrazioetan egin den bidea", azaldu du.
Udaltzainen hizkuntza gaitasunari lotuta, gogoratu du B2 maila eskatu aurretik hainbat herritan arazoak izan zirela, herritar askok ezin baitzuten udaltzainekin euskaraz hitz egin, eta horregatik hartu zela lan poltsan euskararen maila egiaztatzeko erabakia.
UGT-Euskadik astelehenean jakitera eman zuenez, aldeko sententzia lortu dute; horrela, euskararen B2 maila ziurtatu beharrik gabe herritarrak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan poltsan sartzeko aukera izango dute.
2021eko abuztuan, hautaketa prozedura deitu zuten, EAEko Udaltzaingoen lan poltsa sortzeko. Euskararen B2 mailarik ez zuten pertsonak kanpoan geratu ziren.
UGTk defendatu duenez, deialdian sortutako egoera funtzio publikora sartzeko printzipioekin kontraesanetan dago, euskararen B2 maila egiaztatu ezin duten biztanle guztiak kanpoan uzten dituelako; beraz, "diskriminazioa" ematen ari dela uler daiteke.
Sententzia eman duen epaileak otsailean Laudioko Udalean langile bat berriz onartzeko agindua eman zuen, euskara munduko bosgarren hizkuntza zailena zela argudiatuta.
Erreakzioak
Itxaso Atutxa EAJren EBBko presidenteak astearte honetan adierazi duenez, "harrituta" hartu du albistea, eta uste du erabakia gizartearen "hizkuntza eskubideen urraketa" dela.
Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Atutxak esan du ziur dagoela "epaile ona dela" eta "legeren batean oinarritutako erabaki hori hartu duela", baina bere buruari galdetu dio "non geratzen dira gizartearen hizkuntza eskubideak, legeak aitortuta, elebiduna izan behar duen herrialde batean?".
Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, berriz, ez du uste epaiak "benetako eraginik" izango duenik tokiko administrazioetan. Izan ere, Radio Euskadin azaldu duenez, "Euskadiko administrazioan eta funtzio publikoan sartzeko, euskararen gutxieneko ezagutza batzuk behar dira egingo duzun lanaren arabera. Kasu honetan, hautagaien % 90ek betetzen dute eskakizuna".
Raul Arza Euskadiko UGTren idazkari nagusiaren arabera, EAEko administrazio publikoko langileen zati "handi" batek badu dagokion euskarazko hizkuntza eskakizuna, eta hortaz, "oso arraroa da inor ere ez egotea euskaraz artatzeko". "Ez dira datuak dramatizatu behar", erantsi du. Argudiatu duenez, iaz Lanbiden bi kexa izan ziren arreta euskaraz izan nahi zuten eta hala jaso ez zuten herritarren aldetik.
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak ohartarazi du ebazpenak eskubide urraketak "betikotzeko arriskua" dakarrela, herritarren eskubideen kaltetan eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatean eragingo duela.
Behatokiaren arabera, lan poltsan dauden hautagaiek edozein lanpostu betetzeko gai izan behar dute, gehienetan, herritarrekiko zuzeneko arreta izateaz gain, lanpostu guztiak herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak baitira. Ondorioz, une oro euskarazko arreta bermatzeko gaituta egon beharko liratekeela uste du, "herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi badira".
Euskalgintzaren Kontseiluak "gogor" salatu du Gasteizko Administrazio Auzitegiaren ebazpena. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera, auzitegiek herritarren eskubideen aurkako hizkuntza politika egiten jarraitzen dute: "Onartezina da herritarren hizkuntza eskubideen urraketa betikotuko dituzten ebazpenak argitaratzea. Bada garaia herritarren eskubideak erdigunean kokatzeko. Auzitegien helburua herritarren interesak eta eskubideak defendatzea izan beharko litzateke, baina kontrako norantzan ari dira", adierazi du.
Izan ere, Kontseiluko eledunak Gasteizko Auzitegiaren ebazpena hizkuntza politikaren judizializazioaren barruan kokatu du: "Azken hilabeteotan esaten ari gara Auzitegiak hizkuntza politika egiten ari direla, euskaldunon eskubideen aurkako ofentsibari jarraitzen diotela. Alta, ebazpena kate horretako beste katebegia besterik ez da. Horrexegatik, honi guztiari modu bateratuan erantzun behar zaiola uste dugu".
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak erakundeei dei egin die auzitegiek euskararen kontra egindako "abusu eta gehiegikeriei" erantzuteko, euskal herritarren hizkuntza-eskubideak "zalantzan daudenean eta ez direnean osorik errespetatzen". Ebazpena "Justiziak euskararen normalizazioaren aurkako eraso berri bat da, euskara eta euskal hiztunak diskriminatzen dituena", eta salatu du azken urteetan "biderkatzen" ari direla euskararen aurkako ekintza judizialak, eta horrek agerian uzten duela hizkuntza ofizialek "ez dutela tratu bera jasotzen".
LABek "eraso larritzat" jo du sententzia, administrazio publikoan "euskararen normalizazioa oztopatzen" duena. Halaber, sindikatuaren iritziz, euskararen aurkako erasoen aurrean "mobilizazio eraginkor bat antolatzeko garaia da".
Zure interesekoa izan daiteke
Trafikoa bere onera etorri da N-634an, Galdakao parean, istripu baten ondorioz ia bi orduz itxita egon ondoren
Ezbeharra 14:45ean gertatu da Kortederrako gasolindegitik gertu, 96. kilometroan. Auto batek eta kamioi batek elkarren kontra jo dute, eta pertsona bat zauritu da.
Sua berriro piztu da Derion, goizaldean itzali eta ordu gutxira
Sua asteleheneko 20:30ak aldera piztu zen San Isidro auzoko baso-eremu batean, Loiuko aireportutik gertu. Suhiltzaileek sugarrak erabat itzaltzea lortu zuten arren goizaldeko 05:30ak aldera, sua berriro piztu da eta lanean ari dira une honetan, sugarrak itzaltzen.
Zestoako jaietan pertsona bati egindako eraso "bortitza" salatu dute
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lagun bat "bortizki" kolpatu zuten, eta erasoaren ondorioz, hezur haustura eta buruan zauriak izan zituen. Hori dela eta, ospitalera eraman zuten, eta Neurologia Zerbitzuan dago ingresatuta. Bestalde, Segurtasun Sailak zehaztu du irailaren 9ko gauerdian gertatu zela erasoa, eta biktima 40 bat urteko gizonezko bat dela.
Sexu-askatasunaren aurkako delituak batez beste % 8 hazi dira Euskadin
2025ean 2.200 kasu salatu ziren. Fiskaltzaren memoriak ohartarazi duenez, adingabeei zuzendutako prebentzio eta kontzientziazio lanak "ez dira funtzionatzen ari".
Justizia Anderrentzat plataformak gezurretan aritzea leporatu die Santurtziko Udalari eta poliziari
Ander S. T. poliziaren indarkeriak hil zuela frogatuko omen dute prozesu judizialean, eta frogetako bat aurkeztu dute: atxiloketaren bideoa. Plataformak manifestazioa deitu du urriaren 3an.
Ikasle-egoitza ala partekatutako pisua? Unibertsitateetako egoitzen eskariak gora, alokairuen garestitzeagatik
Etxebizitza partekatua aurkitzea gero eta zailagoa da, eta egoitza eta pisuaren arteko prezio-aldea txikitu egin da. Ikasle-egoitza batzuk %100eko okupaziotik gertu daude: erosotasunak, zerbitzuek eta banakako gelek gero eta ikasle gehiago erakartzen dituzte.
Espetxera eraman dute motozerra batekin hainbat gazte mehatxatu zituen gizona
Leporatzen dizkioten gertakariak irailaren 12ko goizaldean jazo ziren. Aurrekari polizialak zituen gizon hori hainbat pertsonari segika ibili zen Algortan, motozerra bat eskuetan zuela.
Eguraldi aldaketa gaurtik aurrera, eta euria asteazkenerako zein ostegunerako
Goiza eguzkitsua eta beroa izango da, baina iluntzerako aldaketa iritsiko da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute behera. Euria egingo du bai asteazkenean baita ostegunean ere.
Itzali dute Derion, Loiuko aireportutik gertu, piztu zen sutea
20:30 aldera piztu zen sutea San Isidro auzoko pampa baso batean, Aiartza mendian; eta gauean lanean arituta, 05:30 alderako itzaltzea lortu dute suhiltzaileek. Suteak ez du eraginik izan aireportuaren funtzionamenduan, ezta etxebizitzetan ere, baina inguruko baserrietan bizi diren bi pertsona etxetik atera zituzten badaezpada ere.
Posible al da adimen artifizialaren garapena gelditzea?
Adimen artifiziala garatzen duten enpresa nagusietako buruek galga jartzeko eskaria egin dute azken aste hauetan, gizakion kontroletik ihes egiteko arriskua izan dezakeela eta. Baina posible al da? Eta zergatik adierazten dute orain beldur hori? Hainbat aditurekin zalantza hauek argitu ditugu.