Auto ilara luzeak sortu dira AP-8an eta A-8an, Getarian eta Ortuellan izandako ezbeharrengatik
Goiz korapilatsua izan da gaur goizean errepideetan, hein handi batean, euriak eraginda. AP-8 autobidean, Getaria parean, matxura mekanikoa izan duen kamioi batek hiruzpalau kilometroko auto ilarak eragin ditu Bilborako noranzkoan, eta, ondoren, sei ibilgailuren arteko istripua izan da Meagako tunelaren parean. Ondorioz, 5-6 kilometroko ilarak sortu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera.
Ezbeharra 08:00ak aldera gertatu da Bilborako noranzkoan. Inor ez da zauritu, baina errei bat itxi behar izan dute.
09:30ean, oraindik ere, lauzpabost kilometroko ilarak zeuden Getarian, Bilbora bidean. 11:00ak aldera, trafikoa normaltasunera itzuli da.
Bestalde, zirkulazio arazoak izan dira gaur goizean AP-8 autobidean, Biriatun. N-121-A errepidean, Irungo Zaisa biribilgunean sortutako pilaketak eragin zuzena izaten ari dira autobidean. Goizean zehar, 5 kilometroko ilarak izan dira. Lapurditik Irunera joateko, ostera, 3 kilometro ingurukoak izan dira.
Bizkaian ere arazoak izan dira, kasu honetan, A-8 autobidean. Ortuella parean, autobus batek matxura izan du, eta hiru erreietako bi itxi egin dituzte. Ondorioz, 5 kilometroko ilarak sortu dira. 10:30ak aldera, matxura izan duen ibilgailua erretiratu dute. Ondoren, toki berean baina kontrako noranzkoan, ibilgailu batek bi ertzain harrapatu ditu, eta zaurituta eraman dituzte ospitalera.
A-8 errepidean jarraituz, bi ibilgailuk talka egin dute Abanton Kantabriara bidean, eta ilarak sortu dira. Ezbeharra 08:42an gertatu da Ugaldebieta parean, eta gutxienez, pertsona bat zauritu da.