Qatarreko Munduko Txapelketak EAEko industriak urtebetean baino CO2 gehiago aireratuko du
Qatarren, igandetik, hilaren 20tik, abenduaren 18ra bitartean jokatuko duten Munduko Futbol Txapelketak Euskal Autonomia Erkidegoko industriak urtebetean baino CO2 baliokide gehiago aireratuko du; hain zuzen, EAEko industriak hamabi hilabetetan baino % 32 CO2 baliokide gehiago bota lezake. Carbon Market Watch GKEak egindako txosten batek zehazten duenez, Qatarreko Munduko Txapelketako karbono aztarna bost milioi tona CO2 baliokidekoa izango da; FIFAk, aldiz, 3,6 milioi tonakoa izango dela dio. EAEko industriak, 2019an, hau da, pandemia aurreko azken urtean, ia 3,4 milioi tona CO2 baliokide aireratu zituen, Ihobe - Ingurumenaren Euskal Agentziak urtero egiten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioaren arabera.
Datuetan sakonean sartu aurretik, eitb.eus-ek testuinguruan jarri nahi ditu. Hiru iturriren bidez lortu ditugu: FIFAren web orriaren bidez (Qatarreko batzorde bati eman dio txapelketa antolatzeko ardura); Carbon Market Watch GKEaren web orritik (Bruselan du egoitza, eta hala aurkezten du bere burua: "Irabazi asmorik gabeko elkartea gara, karbonoaren balioaren gaineko ezagutza paregabea dugu, eta nazioarteko erakundeen eta Europar Batasunaren politiketan egindako lanagatik dugu ospea"); eta Ihobe - Ingurumenaren Euskal Agentziaren bidez (urtero egiten du Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioa).
Horrez gain, zehaztu nahi dugu zer ari garen alderatzen. Hain zuzen ere, aztertu egin dugu Qatar 2022 Munduko Txapelketak aurreikusita duen karbono aztarna, eta hori CO2 baliokidean neurtu egiten da. CO2 baliokidearen kopurua, Ihobek eitb.eus-i azaldu dionez, ez da zehazki CO2aren kopuruaren parekoa; izan ere, CO2 baliokideak berotegi efektuko beste gas batzuk ere neurtzen ditu, metanoa kasu, eta termino horretara bihurtzen ditu, alegia, CO2 baliokidera. FIFAk eta Carbon Market Watch GKEak ere hori bera baliatzen dute.
Hau azalduta, eitb.eus-ek ondorioztatutakoa azaltzen hasiko gara, eta adieraziko dugu, era berean, nola atera ditugun. Ez ahaztu, gainera, gaur amaituko dela Egipton COP27 goi bilera, alegia, Nazio Batuek klima aldaketaren gainean egindako batzarra.
Qatar 2022ko Munduko Txapelketaren CO2 baliokide emisioak
Zer dio FIFAk? FIFAren txosten baten arabera, Qatarreko Munduko Futbol Txapelketa "karbonoan neutroa" izango da. Horrek ez du esan nahi txapelketak ez duenik aireratuko CO2 baliokiderik; zehaztu egiten du, aldiz, eragin hori, karbono aztarna, beste modu batzuetan konpentsatuko dituela. Gero aztertuko dugu nola. Oraingoz, aztertuko dugu zein den antolatzaileek kalkulatutako karbono aztarna: hain zuzen ere, 3,6 milioi tona CO2 baliokidekoa izango da.
Zer dio Carbon Market Watchek? "FIFAren 2022ko Munduko Txapelketaren karbonoaren neutraltasunaren iragarpenari txartel horia" izeneko txostenean 2022ko maiatzean esan zuenez, txapelketak bost milioi tona CO2 aireratuko ditu.
Zergatik dago 1,4 milioi tonako alde hori? Bi erakundeek kalkulua nola egiteko erabilitako moduagatik da. Hain zuzen ere, Qatarren Munduko Txapelketarako eraiki dituzten zazpi futbol zelaien karbono aztarna kalkulatzeko prozeduran dago eztabaida. Txapelketako antolatzaileek diotenez, aztarna hori 0,2 tona CO2 baliokidekoa izango da, baina GKEak, berriz, 1,6 milioikoa izango dela dio.
Txapelketa amaituta futbol zelaiek izango duten erabilera da gakoa. Antolatzaileek adierazi dutenez, eraikitako estadioak erabiltzen jarraituko dute, horien balio bizitzan, eta, hortaz, Munduko Txapelketak ez luke zertan bere gain osorik hartu estadioen klima eragina. Carbon Market Watchek, baina, zalantza handiak ditu, horren gainean.
GKEaren iritziz, alde batetik, "ez dago batere argi futbol zelai horiek, Munduko Txapelketagatik izan ez balitz, egingo zituztenik"; gainera, estadio guztiak Dohako erdigunetik gehienez 50 kilometrora daudenez (FIFAk argudio hori baliatu du, txapelketak klimarekin duen konpromisoa nabarmentzeko, kontuan izanik asko murriztuko dela taldeen eta zaleen garraioak sortutako inpaktua), Qatarreko hiriburuak "goi mailako estadio asko" izango ditu, lehiaketa bukatuta.
Bestalde, antolatzaileek diote talde jakin batzuek etxeko talde gisa jokatzeko erabiliko dituztela estadioetako batzuk. Baina, kasu batean, adibidez, orain arte gehienez 12.000 ikusle bildu izan dituen talde bat da; urtarriletik aurrerako edukiera, baina, 20.000 ikuslekoa izango da.
Azkenik, Carbon Market Watchek zalantzan jartzen du benetan posible izatea estadioak bulego, hotel, klinika edo erkidegorako zentro bilakatzea: "Hori tokiko herritarren eskariaren araberakoa da, eta ikusi beharko da ea enpresek interesa duten inbertitzeko, azpiegitura horiei eutsi ahal izateko".
Nabarmendu nahi dugu, halaber, Qatarreko Munduko Txapelketa zortzi estadiotan jokatuko dutela; horietako zazpi txapelketa honetarako eraiki dituzte. Bat, 974 izenekoa, erabat desegingo dute txapelketa amaitutakoan.
Zenbat CO2 baliokide aireratzen du EAEko industriak urtebetean? Ihobe - Ingurumenaren Euskal Agentziak urtero egiten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Berotegi Efektuko Gasen Isurketen Inbentarioaren arabera, 2019an, alegia, covid-19aren pandemia aurreko azken urtean, Euskadiko industriak gutxi gorabehera 3,4 milioi tona CO2 baliokide bota zituen; hau da, Carbon Market Watch GKEak Qatarreko Munduko Txapelketarako aurreikusitakoa baino 1,6 milioi tona gutxiago (% 32 da), eta FIFAk kalkulatutakoa baino 0,2 milioi tona gutxiago.
2020an, Ihoberen arabera, "isuriak pandemiagatik eta horren ondorioz ezarritako neurri guztiengatik oso baldintzatuta egon ziren"; EAEko industriak, urte hartan, 2,8 milioi tona CO2 baliokide sortu zituen. Ihobek urtero egiten duen Inbentarioan jasotako azken urtea da hori.
Karbonoa konpentsatzeko kredituak
Zer dio FIFAk? Qatarreko Munduko Txapelketako antolatzaileek iragarri dute karbonoa konpentsatzeko kredituak erosiko dituztela, hau da, energia berriztagarrietako proiektuak egingo dituztela, planetako zenbait tokitan, eta horien xedea izango da CO2 baliokide emisioak murriztea txapelketak sortuko dituen emisioen heinean.
Hala, kontuan izanik FIFAren aurreikuspena dela karbono aztarna 3,6 milioi tona CO2 baliokidekoa izatea, berez karbono kreditu kopuru hori erosi beharko lituzkete.
Zer dio Carbon Market Watchek? GKEak zalantzan jartzen du neurri hori. Alde batetik, txostenean azalduta duenez, horren klima eragina oso txikia da, eta onura, egotekotan, "marjinala" da. Horrez gain, txostena egin zutenean, alegia, 2022ko maiatzean, salduta zeuden konpentsazio kredituak hasiera batean aurreikusitakoa baino askoz ere gutxiago ziren; Global Carbon Council konpentsazio boluntarioko programak ezarritako eredu berriaz, 1,8 milioi kreditu erosi beharko zituzten, baina helburu hori ere oso urrun zegoen, artean. Zehazki, Munduko Txapelketaren hasierarako sei hilabete falta zirela, 133.000 bat kreditu zituzten jaulkita.
Munduko Txapelketak hartutako beste neurri batzuk, eta zer dioen Carbon Market Watch GKEak
679.000 zuhaixka eta 16.000 zuhaitz landatu dituzte Qatarren. Birziklatutako ura baliatuko dute horiek ureztatzeko. Horrez gain, munduko soropil haztegirik handiena sortu dute, 425.000 metro koadrokoa da. Horren guztiaren helburua da xurgatzea milaka tona CO2. GKEak, baina, uste du erabaki horien klima onura oso zalantzazkoa dela: "Esateko CO2ko murrizketa horrek klimari benetako ekarpena egiten diola, karbonoa mendeak eman behar ditu bilduta, gutxienez 200-300 urtez". Txostenaren arabera, "litekeena da plantazio horiek ez irautea denbora hain luzerik; izan ere, estadioetako inguruetako parke artifizialetan landatu dituzte, eta parke horiek eskatzen dute asko ureztatzea, eta lan handia.
Carbon Market Watchen Gomendio batzuk, etorkizuneko Munduko Txapelketarako
Hala, GKEak, txostenaren amaieran, hainbat gomendio eta aholku proposatzen ditu, hemendik aurrerako Munduko Futbol Txapelketetarako. Horietako bat da partidak ez jokatzea munduko toki bakar batean, baizik eta lehian dauden bi taldeentzako hurbilak diren estadioetan; hala, ez lukete zertan azpiegiturarik eraiki. Beste aukera bat liteke Munduko Txapelketarako partidetarako egoitza iraunkorra ezartzea, lurralde neutralean.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango dira: San Fermin eguna, alerta laranja beroagatik eta NATOren goi-bilera Ankaran
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Olatu zuri gorriak Iruñea hartu du
Txupinazoarekin, lehertu da festa Iruñean eta ez du atsedenik hartuko datorren uztailaren 14ra arte. Urteroko ohiturei, gaur beste protagonista bat batu zaie: beroa. Festazaleek 40 graduko tenperaturekin abiatu dituzte 2026ko sanferminak.
Antzuola eta Urretxu artean piztutako baso-sutea kontrolpean dago
Gipuzkoako hiru parketako suhiltzaileak aritu dira Antzuolan 13:45ak aldera deklaratutako sutea itzaltzen. Sugarrak ordu batzuk geroago kontrolatu dituzte.
Kontrolatu dute Imarkoainen piztutako sutea
Lizarra, Azkoien eta Tafallako suhiltzaile etxeetako brigadek 15:30ak aldera lortu dute sutea kontrolpeak hartzea. Guztira 80 hektarea baino gehiago erre dira baso eta, batez ere, laborantza artean.
ELAk arreta euskaraz bermatzeko eskatu dio Osakidetzari
Oraindik hizkuntza ez dakiten langileak euskalduntzeko plana aldarrikatu du sindikatuak Osakidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lesakako sanferminak hasi dira
Txupinaren jaurtiketak eman die hasiera Lesakako San Fermin jaiei astelehen honetan, 12:00etan. Jai-egitarauak 50 kultura-, kirol- eta jolas-jarduera baino gehiago biltzen ditu, datozen 6 eguneton burutuko direnak. Gaita jotzaileen, musika-banden eta txarangen ohiko soinuek herriko kaleak alaituko dituzte uztailaren 11ra arte, larunbata.
Arrautza frijituak, txistorra eta zapi gorria: Hasi da festa Iruñean
Urtero bezala, ohiko hamaiketakoak izaten dira uztailaren 6ko goizean, festei hasiera emateko zain. Mokadu sendoak beti ere, hau izango baita seguraski, eguneko otordu bakarra.
40 ikasleri ez diete, kautelaz, USaPen Euskarako nota zenbatuko
Auzitegiek arrazoia ematen ez badiete kasuaren funtsari buruz, nota horiek kontuan hartuko dira azkenean.
Asiron eta Chivite: "Jendeak asko goza dezala, baina errespetuz"
Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Maria Chivite Nafarroako presidenteak 2026ko sanferminetara hurbiltzeko deia egin diete herritarrei, jaiez eta hiriaz gozatzeko, baina "beti errespetuz".
Txistulari eta Gaiteroen Bandak dantzan jarri du Iruñeko Udaletxe plaza
Gaur eguerdian Iruñeko Udaletxeko plaza bete duten milaka pertsonek Txistulari eta Gaitarien Bandaren doinuekin dantzan egin ahal izan dute.