700 lagunetik beherako edukiera duten lokaletan segurtasun pribatua jarraraztea aztertzen ari da Jaurlaritza
EAEko araudiaren arabera, gaur egun, 700 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten establezimenduak daude behartuta segurtasun pribatua izatera. Azkenaldian arma zuriz erasoak izan ondoren, segurtasunaren gaia berriro dago mahai gainean, eta, gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuak aurreratu duenez, edukiera langa hori "zabaltzea" ari dira aztertzen. Hau da, 700etik beherako edukiera duten lokalei ere segurtasun pribatua jartzeko betebeharra ezartzea aztertzen ari dira. "Zabaldu egin behar dela garbi dago, baina edozein neurri ere ezin da hartu. Sektoreari entzunda eta orekaz hartu behar dira neurriak", esan du.
Araudia aldatzeko prozesua abian dutela azaldu du, "bide administratiboan dago", eta, orain, teknikarien ekarpenak jasotzeari ekingo diote, "neurrien norainokotasuna zehazteko". Indarrean noiz sar litekeen zehaztu ez badu ere, "epe laburrean" izango da.
Atzo, jada, Bingen Zupiria Jaurlaritzako eledunak aurreratu zuen arma zurien inguruko araudia eguneratzea beharrezkoa dela, eta hark gaueko lokalen sarreretan metal detektagailuak erabiltzea aipatu zuen. Erkorekak horrekin lotuta esan duenez, "detektagailuena beste eztabaida bat" da, baina aurretik zein establezimenduk behar duen segurtasun pribatua aztertzea ezinbestekoa da. "Detektagailua bera ez da aurrerapausoa izango, ez badago hori erabiltzeko gaituta dagoen profesional bat", zehaztu du.
Halaber, Segurtasuneko sailburuaren esanetan, arma zuriekin egindako erasoen "gorakada nabarmenik ez da egon" EAEn, nahiz eta azken asteotakoek oihartzun handia izan. "Azken hilabeteotan kasu nabarmen batzuk egon dira, eta fokuak hor jarri dira, baina ez da bat-bateko igoerarik egon", azaldu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ertzaintzak Realeko, Alaveseko eta Celtako 20 zale "erradikal" inguru identifikatu ditu Donostian
Zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, lo zegoen 14 urteko adingabe bat bortxatzeagatik
ErNEk Tolosako bi udaltzaini egindako eraso bat salatu du, esku-hartze batean larri zauritu zituzten
Greba orokorra Iparraldean, bizitzaren garestitzearen aurka
Zupiria: "Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak hartu dituzte hartu beharreko neurriak gaurko partiduari begira"
Behobia-Donostia lasterketak aldaketak eragingo ditu igandean trafikoan, aparkalekuetan eta garraio publikoan
Etxebizitza eta ekonomia dira EAEko herritarren kezka nagusiak, erabakigarriak iruditzen zaizkien hauteskunde orokorren atarian