Euskararentzat baliabideak eta hizkuntza politika eraginkorra aldarrikatuko ditu euskalgintzak gaur Baionan
"Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! Euskarak bizi behar du!" goiburupean, manifestazioa deitu du gaur arratsalderako Baionan Euskal Konfederazioak, Ipar Euskal Herriko gizarte eragile ugarik osatzen duten erakundeak. Euskarak une oro eta toki guztietan dituen "oztopoak" salatzeaz gain, hizkuntza politika eraginkorra eta herri mugimenduentzako baliabideak aldarrikatuko dituzte. 17:00etan abiatuko da protesta, Suprefeturaren egoitzaren ataritik.
"Frantziako Gobernuaren jarrera" eta tokiko erakundeen "erantzunik eza" salatuko dituzte eta arduradun guztiei eskatuko dizkiete erantzukizunak. "Gaur egun Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau instituzioek eraman hizkuntza politika arrunt eskasa da, lege eta diru baliabideak nahikoak ez direlako eta, bereziki, egiazko borondate politiko eskasa baita aitzina egiteko", adierazi zuen Euskal Konfederazioak, deialdia egin zuenean.
Berriki argitaratu diren VII. Inkesta Soziolinguistikoaren Ipar Euskal Herriko emaitzak "biziki kezkagarriak" direla esan ondoren, protestaren deitzaileek uste du "hautetsiek aktiboki inplikatu" behar dutela "euskarak estatus berria lor dezan".
Euskalgintzaren Kontseiluak ere bat egin du deialdiarekin, eta Baionako kaleak betetzeko eskatu die herritarrei. "Hil edo bizikoa da euskararen aldeko politika publiko sendoak indarrean jartzea", esan du erakunde horrek.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak