Bihar erabakiko dute Zumaiako eta Orioko hondartzetan bainua baimendu ala ez, ura aztertu ondoren
Zumaiako eta Orioko hondartzetan bainua hartzea debekatuta dago atzotik, araudian ezarritako kalitate-irizpide mikrobiologikoak ez betetzeagatik; izan ere, Enterococcus intestinalis bakterioaren gehienezko maila gainditu da Gipuzkoako bi hareatza horietan. Bihar, osteguna, beste lagin bat hartuko dute, eta lagin horren analisiaren emaitzen arabera erabakiko dute bi hareatzok berriro zabalduko dituzten ala itxita jarraituko duten.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako ur-analisiaren emaitzen arabera, Zumaiako Santiago hondartzako uretan E. coli bakterioaren gehienezko maila gainditu da; ondorioz, bainua eta uretako bestelako jarduerak debekatuta daude uraren kalitatea hobetu arte, Santiago hondartzan bertan zein Urolaren itsasadarrean.
Orion ere, egoera berdina da. Azken egunetako euri-jasen ondorioz, Enterococcus intestinalis bakterioak baimendutako maila gainditzen du, eta debekatuta dago bertako hondartzan eta ibaian bainatzea.
Azken orduetako prezipitazio iraunkorrek kalte ugari utzi dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan, tartean Zumaian. Kaltetutako eremua hondamendi eremu izenda dezatela eskatuko du Zumaiako Udalak.