Eusko Jaurlaritza NBEren Zaintzagatiko Aliantza Globalean sartu da
Eusko Jaurlaritza Zaintzagatiko Aliantza Globalean sartu da. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bultzatutako ekimen horrek zaintza sistema eraldatzea bilatzen du, eta gobernuak, gizarte zibileko erakundeak, enpresak eta bestelako eragileak hartzen ditu barnean.
Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazi du ekimenean onartu dutela, Zaintzaren Nazioarteko Egunaren harira.
NBEren mugimendu horren helburua sektoreko lan-baldintzak hobetzea eta ordaindu gabeko zaintza aitortzea eta baloratzea da. Gainera, lanen banaketa parekidea izan dadila ere bilatzen du.
Ekimenean onartu izana "etengabeko lanaren, politika inklusiboen eta gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko konpromiso sendoaren ondorio da", adierazi du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Hain zuzen ere, azaroaren 15ean eta 16an Eusko Jaurlaritzak Zainketei buruzko I. Kongresua egingo du "zainketen gizarte-antolaketarako eredu publiko batean oinarritutako euskal itun baterantz aurrera egiteko".
Horren harira, Euskal Herriko sindikatu nagusiek greba orokorra deitu dute azaroaren 30erako zaintzen sistema publiko komunitario bat aldarrikatzeko, besteak beste.
Izan ere, emakumeek egiten dute ordaindu gabeko zaintzen % 76,2 (gizonek baino 3,2 aldiz gehiago), NBEk zabaldutako datuen arabera.
Espainiako Estatuan emakumeek gizonek baino 12 ordu eta erdi gehiago bideratzen dituzte astero ordaindu gabeko zaintzara, Espainiako Laneko Segurtasun eta Osasun Institutu Nazionalak zabaldutako datuek erakusten dutenez.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak