Jaurlaritzak auzitegietara eraman du euskararen normalizazioaren kontrako epaien afera
Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztuko du euskararen normalizazioarekin lotutako dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzen dituen epaien aurkako helegitea, iritzita araudiak ez duela gaztelania alboratzen, ezta hizkuntza koofizialetako bat bestearen gainetik jartzen ere.
Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek aurkeztu dituzte dagoeneko kasazio errekurtsoen idatziak irailean eta urrian Justizia Auzitegiak emandako bi epai horien kontra.
Neurri batean, PPk eta Voxek ezarritako salaketak aintzat hartzen zituzten epai horietan, euskararen normalizazioarekin lotutako dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu baitzituzten. Artikulu horiek baliogabetuta, euskara ez da, beraz, "zerbitzuko hizkuntza" eta "lan hizkuntza normal eta orokor gisa" hartuko (12. artikulua). Bestalde, indar gabe geratuko da udalerriek euskaraz lan egiteko neurriak hartzeko konpromisoa (9.2 artikulua).
Muga horiez bestalde, epaiak bertan behera utzi zituen udal barneko dokumentuak (deialdiak, gai zerrendak, mozioak, akordio proposamenak...) euskara hutsean idazteko aukera (18. artikulua), eta sektore publikoko langileek telefono bidezko arretan zein bozgorailutik zabaldutako mezuetan euskara lehenesteko (24. eta 27. artikuluetako atal batzuk) beharra ere.
Auzitegiak argudiatu zuen ez dela "juridikoki onargarria tokiko administrazioan euskararen erabilera inposatzea".
Epai horiek kritika gogorrak jaso zituzten. Jaurlaritza, Legebilrzarra, Eudel, Kontseilua, sindikatuak eta alderdi asko kexu agertu ziren, eta manifestazio jendetsua egin zuten "oldarraldi" horren aurka, iragan azaroaren 4an, Bilbon.