Gizon bat atxilotu dute Tuteran bikotekidea jotzeagatik larri zauritzeraino
Tuterako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du genero-indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita, bikotekideari aurpegian emandako kolpe larrien egilea delakoan. Reina Sofia Ospitalean artatu behar izan dute emakumea.
Udaltzaingoak jakitera eman duenez, larunbateko 06:20 aldera, gizon batek deitu zien, Erriberako hiriburuko Neguko Pasealekuko etxebizitza batean bikotekideak arma zuri batekin eraso ziola esanez.
Agenteak bertaratu zirenean, 31 urteko emakume bat aurkitu zuten eskailera-buruan, etxeko ate aurrean, aurpegian zauri handiak zituela.
Etxebizitzaren barruan bikotekidea eta labana bat aurkitu zituzten sukaldeko lurrean, baita odol-arrastoak ere. Gizonak zauri arinak zituen eskuan; emakumea, berriz, Reina Sofia Ospitalera eraman behar izan zuten, aurpegian zituen zauri larriak artatzera.
Gizona atxilotu egin zuten genero-indarkeriaren ustezko delitu bat egotzita, eta Foruzaingoaren polizia-etxera eraman zuten, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko izapideak betetzera.