Adingabe bat larri zauritu dute Tolosan Ertzaintzaren karga batean
Taberna batean abiatu eta kalean jarraitu duen borroka bat sakabanatzeko asmoz, Ertzaintzak karga egin du bart eta, dirudienez, gazte bat zauritu da pilotakada baten ondorioz. Aurretik ere, liskarrean, beste gazte bat erietxera eraman behar izan dute ukabilkadek eragindako zauriekin.
Bart goizaldeko polizia-jarduketetan, Ertzaintzak hainbat pertsona identifikatu ditu, hainbat objektu (makilak, botilak...) konfiskatu ditu eta bi gazte atxilotu ditu, gutxienez barra luzagarri bat zeramatelako, debekatuta dagoena. Era berean, gazte bat ospitalera eraman behar izan dute, zaurituta.
Alde zaharrean zabaldutako liskarra kontrolatu nahian, Ertzaintzak istiluen aurkako materiala erabili du eta, karga horietako batean, beste gazte bat larri zauritu da. Andu Martínez de Rituerto Tolosako alkateak zabaldu duenez, gazte hori pilotakada baten ondorioz zauritu da, eta gertatutakoa "albait arinen" argitzea eskatu du, jaiak lasaitasunez gozatzera dei egitearekin batera.
Gaztearen gertukoek EITB Mediari jakinarazi diotenez, adingabeak ez zuen bart izandako istiluekin zerikusirik izan, eta "bat-batean" harrapatu zutela erdian. Era berean, azaldu dute jasotako zaurien ondorioz ebakuntza egin behar izango diotela bihar.
Prebentzio-neurri gisa, Ertzaintzak, ofizioz, ikerketa-eginbide espezifikoak ireki ditu azken gertakari horretarako, eta auzitegi-mediku baten esku-hartzea eskatu zaio dagokion epaitegiari, ospitaleratutako gaztea ebaluatzeko eta lesioen izaera zehazteko. Aldi berean, Ertzaintzaren barne-ikerketa bat abiarazi da, polizia-jardunarekin lotutako xehetasun guztiak aztertzeko.
Polizia-kargan zauritutako gazteak 16 urte ditu eta Villabonakoa da. Egoera hori salatzeko eta "Biolentzia polizialik ez!" lelopean, elkarretaratzea egingo dute bihar udalerri horretan, 19:00etan.
Villabonako Udalak, Tolosakoak bezala, istiluak argitzeko eskatu du, eta elkartasuna adierazi die zauritutako gazteari eta haren familiari.
Zure interesekoa izan daiteke
Sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatzeagatik eta etengabe tratu txarrak emateagatik, Nafarroan
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko akordioak 25 urte bete ditu
Urdako tren istripuaren biktimen aldeko hileta elizkizuna azaroaren 12an egingo dute Toledoko katedralean
Orioko Udalak Jaurlaritzari galdegin dio konpon dezala berehala duela 40 egun su hartu zuen ontziak eragindako egoera
Anderren heriotzan inplikatutako agenteei espedientea egitea baztertu duen alkatetzaren dekretua errekurritu egin dute
Horrela eragingo die trafikoari eta oinezkoei Reala-Olympique Lyon partidagatik ezarritako segurtasun dispositiboak