Zabaldu dute Itsasadarreko Bulebarraren lehen zatia, Leioa eta Erandio artekoa
9,9 milioi euroko inbertsioa eginda eta bederatzi hilabeteko lanen ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur, asteartearekin, zabaldu du Itsasadarreko Bulebarraren lehen zatia. Lamiako (Leioa) eta Altzaga (Erandio) auzoak batzen ditu lehen zati honek, hiru kilometro luzeko ibilbidean.
Foru erakundeak ohar bidez jakinarazi duenez, Bulebarra (6,5 kilometro) datorren urteko maiatzean egongo da guztiz bukatuta, hots, bigarren zatia —Altzaga (Erandio) eta Elorrieta (Bilbo) artekoa— amaitzen dutenean.
Proiektuak itsasadarrarekiko paraleloan doan BI-711 errepidea bulebar bihurtzea du asmo, oinezkoek eta ziklistek Getxo eta Bilbo arteko bidea egiteko aukera izan dezaten. Orobat, bulebarra Ezkerraldearekin ere konektatuko da, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen txirrindulari eta oinezkoentzako All Iron zubiaren bidez. Hala, bi azpiegiturek metropoli-inguruneko eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea ahalbidetuko dute.
Bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metro zabaleko bizikleta-bide bat izango da. Motordunen zirkulazio geldorako galtzada-espazioa, berriz, 6,8 metrokoa izango da. Berebat, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko da, gutxienez hiru metroko zabalera uzteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean