10 familiatik 8 jabetzan duten etxebizitza batean bizi dira
Euskadiko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hamar familiatik zortzi jabetzan dauzkaten etxebizitzetan bizi ziren 2023an; % 81,2 eta %82,6, hurrenez hurren. Datua Estatuko batez bestekoaren gainetik dago, han % 75,1ekoa izanik.
Hala ere, azken hamarkadan (2013-2023) alokairuan bizi diren familien ehunekoak gora egin du lurralde guztietan, batik bat Gipuzkoan (% 2,9 hazi da). Aldaketaren arrazoia izan daiteke migratutakoen familia kopuruak gora egin duela; % 11 izatetik % 15 izatera pasa dira. Familia horiek, hein handi batean, alokairuan bizi dira.
Lurraldeei banan-banan begiratuta, Nafarroak du portzentajerik handiena alokairuari dagokionean, % 13,7koa. Gipuzkoan eta Bizkaian % 11ren bueltan dabiltza eta Araban % 10 inguruan.
Udalerriei banaka erreparatuta, orokorrean, hiriburuetan eta horien eskualdeetan altuagoa da alokairuan bizi diren familien kopurua, herri txikietan eta nekazal guneetan baino.
Donostialdea da alokairuaren ehuneko altuena duen hiriburua (% 20), Iruñeak oso gertutik jarraitzen dio (% 19,6), Bilbo dago hirugarren postuan (% 16,1) eta, azkenik, Gasteizen % 16koa da datua.
Azken urteetan asko igo da alokairuen prezioa, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baino gehiago. EAEn, 2016 eta 2023 bitartean, % 23koa izan da alokairuen igoera, KPIarena, aldiz, % 19koa.
2023an, Nafarroak zuen batez besteko alokairurik merkeena (558 euro/hilean) eta Gipuzkoak, aldiz, garestiena (808 €/h). Tartean zeuden Araba (716 €/h) eta Bizkaia (768 €/h).
Nafarroan, Iruñerria kenduta, gainerako eskualdeetan 500 €/h-tik behera daude alokairuak. Merkeenak Erriberako herrietan topatuko ditugu; Allon, Fiteron, Cortesen eta Los Arcosen 300 €-ren bueltan dabiltza. Aldiz, Iruñerrian, Oltza Zendean eta Zizurren daude prezio altuenak; 700 €-tik gora.
EAEn eskualde gehienetan 700 €/h-tik behera ordaintzen dira. Salbuespenak Arabako Lautada, Bilbo Handia, Plentzia-Mungia, Bidasoa Beherea, Donostialdea eta Urola Kosta dira. Donostialdea da garestiena eta batez besteko prezioa 930 €-tik gora dago. Alokairu merkeenak, aldiz, Arabako Errioxan daude, 430 euroren bueltan.