Gaixotasun kardiobaskularrak munduko heriotza-kausa nagusia dira, eta bigarrena, Euskadin
Gaur, EITB Maratoia gaixotasun kardiobaskularretan murgilduko da bete-betean 'Entzun zure bihotzari' lelopean, gaixotasunon ikerketarako dirua biltzeko asmoz. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gaixotasun horiek 17,9 milioi hildako eragiten dituzte urtero munduan, hau da, heriotzen % 32, eta horiek dira, era berean, zahartzaroan bizi-kalitatea murriztearen arrazoi nagusia ere.
Euskal Autonomia Erkidegoan Gaixotasun Kardiobaskularrak izan ziren bigarren heriotza-kausa 2023an (% 25,4), tumoreen ondoren (% 28,0). Emakumeen artean GKBak izan ziren lehenengo heriotza-kausa (% 26,3), eta ondoren tumoreak (% 22,3); gizonen artean, berriz, tumoreak (% 33,8) lehenengo eta GKBak ondoren (% 24,4).
5.662 pertsona hil ziren iaz EAEn gaixotasun horien ondorioz, eta Euskadin gaixotasun larri gisa daude sailkatuta. Besteak beste, gaixotasun koronarioa eta gaixotasun zerebrobaskularra nabarmentzen dira.
Oro har, odol-hodiei eragiten dieten gaixotasunak (gaixotasun baskularrak) eta bihotzari eragiten diotenak (kardiopatiak) bereiz ditzakegu. Gaixotasun horien artean daude, berbarako, hipertentsio arteriala, gaixotasun koronarioa, bihotz-gutxiegitasuna eta istripu zerebrobaskularra. Gaixotasun koronarioa da gaixotasun kardiobaskularren agerpenik ohikoena, eta, mundu mailan, heriotza kardiobaskularren erdia eragiten du, gutxi gorabehera.
Gizentasuna eta gehiegizko pisua dira GKBen arrisku-faktore nagusiak Euskadin, biztanleriaren % 52,7k gehiegizko pisua baitute. Era berean, hipertentsio arteriala eta hiperkolesterolemia ere nabarmendu beharreko arrisku-faktoreak dira, biztanleen % 18,7k eta % 16,9k nahasmendu horiek baitituzte, hurrenez hurren.
Adituen arabera, gaixotasun kardiobaskularren % 90 prebenitu litezke, zenbait ohitura aldatuz gero, hala nola elikadura osasungarria izatea, ariketa fisikoa egitea, tabakoaren kontsumoa saihestea eta alkoholaren kontsumoa mugatzea. Arrisku-faktoreak tratatzeak ere hobekuntzak ekar ditzake, tentsio arteriala, odoleko lipidoak eta diabetesa, adibidez.
Aipatzekoa da Euskal Osasun Sistemak gaixotasun kardiobaskularren arloko 127 ikerketa eta azterketa klinikotan parte hartu duela 2023an. Orain, EITB Maratoiak bere esku dituen baliabide guztiak jarriko ditu martxan elkartasuna bultzatu eta arlo horrekin konprometitutako ikerketan laguntzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak