Urretxindorra Ikastolari "pederasta baten konplize eta babesle" izatea egotzi diote ikasle eta ikasle ohiek
Urretxindorra Ikastolako ikasle eta ikasle ohiek hezkuntza zentroaren jarrera salatu dute eta "pederasta baten konplize eta babesle" izatea egotzi diote. Bilboko ikastola horretako irakasle bati buruz —berriki apartatu dute— ari dira ikasleak, izan ere, hainbat biktimak indarkeria matxistagatik salatu dute gizonezko irakaslea.
Emakumeok oharra kaleratu zuten atzo, asteartearekin, "Ez dira emakumeak, neskak dira" izenburupean. Idatzian ikasle emakumezko adingabeek 30 urtez pairatutako erasoak kontatu dituzte, eta ikastolak berak eta Ikastolen Elkarteak auziaren inguruan emandako argibideei erantzun diete.
Agirian diotenez, biktimek eta familiek irakasle horren kontrako "salaketa ugari aurkeztu dituzte urteetan zehar". Euren esanetan, jazarpen eta indarkeria matxista kasua "ezaguna zen", "neskatilei egindako iruzkinak, begiradak eta kutsu sexualeko jarrerak denen aurrean" egiten zituen gizonak. Kritikatu dutenez, ikastolan "zabal eta naturaltasunez" hitz egiten zen gertatzen zenaz, "helduen ustez, esajeratu egiten genuen edo askori dibertigarria egiten zitzaien gizon horri 'neskatilak' hainbeste gustatzea", erantsi dute.
Salaketon aurrean, itunpeko ikastetxeak "konplize" lanak egiten zituen eta irakaslea "estali" zuen, betiere ikasleen esanetan. Diotenez, gizon matxista salatu zuten ikasleak "zigortu eta mehatxatu" zituen eta "biktimak engainuen bidez isilarazten saiatu zen". Horrez gain, uste dute "gertakariak ezagutu dituzten heldu guztiek utzikeriaz" jokatu zutela, "erantzukizuna neskatoen lepo" utzi dutela, "birbiktimizatuta".
Auzia joan den ostiralean lehertu zen, hainbat biktimak irakaslea salatu zutenean sare sozialen bitartez. Handik bi egunera jakin zen ikastolak maisua baztertu zuela, eta Hezkuntza Sailak ikerketa zabaldu zuela. Hain justu, sare sozialetan zabaldutako salaketa horien aurrean, ikasleek argitu nahi izan dute horietako batzuek kexa formala aurkeztu zutela zuzendaritzan, eurak ere biktima izaten jarraitzen zutelako.
Horren aurrean Urretxindorra Ikastolak izandako jokaera salatu dute oharrean: "Gezurra esan zieten, duela hiru urte baino gehiago gertutakoak iraungita zeudela eta irakasleak 'aldatu den pertsona bat' izan zitekeela aurpegiratuz. Biktimen izen-abizenak eskatu zieten (denak adingabeak). Salaketak publiko ez egiteko ere galdegin zieten, eta gurasoei horren berri emango ez ziela azpimarratu; ikastetxearen arabera, 'ez zegoen jakinarazi beharreko informaziorik'".
Bilboko ikastola horretako ikasle eta ikasle ohiek jasandako erasoak zehatz kontatzen dituzte oharraren azken partean, eta biktimei "bakarrik ez" daudela gogorarazi diete. Bestalde, euren testigantza emateko eskatzen diete, betiere anonimotasuna errespetatuta.
Urretxindorrak barkamena eskatu eta berriro ez gertatzeko konpromisoa berretsi du
Testuinguru honetan, atzo bertan ohar bat kaleratu zuen Urretxindorra Ikastolak. Idatzian "jarrerarik irmoena" erakutsi nahi izan du emakume eta adin txikien aurkako eraso eta jazarpenen aurrean, eta "konpromisoa" berretsi du "horrelakoak berriz gerta ez daitezen". Ikastetxeak gogorarazi du salatutako irakasleak ez ditu jada bertan eskolak ematen.
Nabarmendu duenez, salaketak agertu ziren "lehen unetik" lanean hasi zen zentroa, eta ordutik, "kasu hauek behar duten zorroztasun eta diskrezioarekin" jardun du. Ikastolaren Erretore Batzordeak eta Zuzendaritza taldeak sinatutako agiriak dio "hausnarketa sakona" egiten ari direla.
"Norbait erasotua edo jazartua sentitu bada", barkamena eskatu dio ikastolak, eta "berriro ez gertatzeko konpromiso sendoa" adierazi.
Era berean, ikastolak jakinarazi du bitarteko berriak jarri dituela kasuok atzemateko, eta lekukotzak biltzeko prest dagoela. Dena dela, biktimekiko "errespetuagatik" eta "hartu diren eta aurrerago har daitezkeen neurriak ez oztopatzeagatik", ikastetxeak ez duela "sare sozialetan inolako eztabaidarik sustatuko".
Bestalde, Ikastolen Elkartea federazioak posta elektronikoa jarri du salaketak jasotzeko: salaketak@ehi.ikastola.eus.
Zure interesekoa izan daiteke
17 urteko gazte bat atxilotu dute Gipuzkoan, 764 Sareko Espainiako erreferente nagusitzat jota
Ertzaintzak, Mossos d'Esquadrak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako operazioan atxilotu dute. 2026ko urtarriletik apirilera bitartean ikastetxeen, udalen eta beste erakunde batzuen aurkako mehatxu ugari bidali izana egozten diote.
Ikuskizunetako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako grebarekin bat egingo dute Gasteizko txosnek
45 ikuskizun izango dira txosnetan, eta, horrez gain, beste hamaika proposamen kolektibo ezberdinen eskutik. Dozenaka kolektibok eta ehunka boluntariok dihardute egunotan auzolanean txosna gunea egokitzen. Testuinguru horretan, ikuskizunetako eta ekitaldietako teknikariek abuztuaren 5erako deitutako greba egunarekin bat egingo dute.
Motor gidari bat hil da Lezon izandako trafiko istripu batean
Istripua GI-3440 errepidean gertatu da, Lezon, 18.00ak aldera. Osasun arloko langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute suspertu, eta hil egin da. Istripuaren ondorioz, zirkulazioa eten egin behar izan dute bi noranzkoetan. Gertatutakoaren nondik norakoak ikertzen ari dira.
La Oreja de Van Goghen abestiak ardatz, Donostia ezagutzeko tour turistiko bat sortu dute
Lander Agirreurreta donostiarrarekin batera, pop talde ezagunaren abestietan aipatzen diren txokoak bisitatu ditugu.
Txosnetan ez da kontzerturik egongo abuztuaren 5ean Gasteizen, 14an Donostian eta 26an Bilbon
Kontzertu horiek bertan behera geratu dira ikuskizunetako langileek deitutako grebaren ondorioz.
Goizeko auto-ilaren ondoren, normaltasuna berreskuratu du zirkulazioak AP-8an eta A-1ean
Irteera operazioa dela eta, ibilgailu ugari pilatu dira goizean goizetik, Frantziatik penintsularen hegoaldera. Araban, A-1 autobidean, Gasteiz parean eta Madrilerako bidean sortu dira pilaketak.
Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, gazte bati lapurreta egiten eta hiltzen saiatzea egotzita
Atxilotua, 27 urtekoa, 21 urteko mutil baten furgonetan lapurreta egiten saiatu da lagun batekin, eta biktimak aurre egin die.
Bi pertsona zauritu dira Saratsan, bi ibilgailuk talka eginda
Istripua 18:00ak aldera jazo da, N-240-A errepidean. Gizonak gerrialdeko min arina izan du, eta emakumeak, berriz, hainbat kolpe jaso ditu, eta haren zaurien pronostikoa erreserbatua da.
Pertsona bat zauritu da A-8an, Muskizen, Bilborako noranzkoan, autoa iraulita
Istripua 17:55 aldera jazo da, eta ibilgailua A-8 autobideko eskuineko eta erdiko erreietan traban geratu da; ondorioz, kilometro bateko ilarak sortu dira inguruetan, Bilbora bidean.
Euskarabenturak Getxon amaitu du bere ibilbidea, 650 kilometro egin ostean
130 gaztek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu dituzte, euskara ahoan, lagun berriak eginez eta esperientziak bilduz bihotzean gordetzeko. Ostiral goizean erantzi dituzte duela 31 egun Atharratzen jantzi zituzten oinetakoak, baina abenturak utzi dien arrastoa ez dute inoiz ahaztuko.