Amazonek Bizkaian filmatuko du bere hurrengo superprodukzioa: telesail bat Catherine Zeta-Jones aktorearekin
Euskal Herria Hollywoodeko superprodukzio baten plato izango da beste behin. Izan ere, Amazon konpainiak Bizkaian filmatuko du bere hurrengo telesaila, Catherine Zeta-Jones aktorearekin, Radio Euskadik jakin duenez.
Lanaren ordezkariek asteak daramatzate Bizkaian, lokalizazioak bilatzen. Orain arte, Bilbon, Galean eta Algortako Portu Zaharrean izan dira, besteak beste.
Telesaila Amazon Prime Video streaming zerbitzuan estreinatuko da, eta Damon Thomas (Penny Dreadful, Killing Eve...) izango du zuzendari.
Hain zuzen ere, filmazioa martxoan hasiko da, eta sei hilabete iraungo du, abuztura arte.
Oraingoz ez dago argi zein den Bizkaian filmatuko duten proiektua, baina badirudi Amazonek apustu handia egingo duela.
Catherine Zeta-Jones aktorearen telesaila azken urteetako filmaketarik handiena izango da Euskal Herrian, duela 9 urte HBOk Game of Thrones entzutetsua Gaztelugatxera eta Zumaiako flyschera ekarri zuenetik.