Gasteizko diskoteka baten atarian izandako heriotzagatik atxilotutakoa, epailearen aurretik pasatzeko zain
Atzo goizaldean Gasteizko dantzaleku baten atarian izandako heriotzarekin lotuta atxilotu zuten gizonezkoak epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du, eta baliteke gaur bertan deklaratzea.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen 31 urteko gizon bat Gasteizko dantzaleku baten atarian hil ostean. EITBk jakin ahal izan duenez, atxilotutako atezainak emandako zartako baten eraginez erori zen mutila, eta buruan hartutako kolpearen ondorioz hil zen.
Gasteizko Bake kalean izan zen heriotza, 04:50 aldera, Mitika diskotekaren atarian, hain zuzen.
112 SOS Deiak larrialdi zerbitzuak abisua jaso zuen dantzaleku baten atarian gizon bat lurrean konortea galduta zegoela ohartarazteko. Ertzaintza eta osasun-zerbitzuak bertaratu ziren, eta gizona suspertzen saiatu ziren arren, ez zuten lortu, eta gizona bertan hil zen.
Lehen ikerketetan oinarrituta, Ertzaintzak dantzalekuko atezainetako bat atxilotu zuen gertakariarekin lotura izan dezakeelakoan.