Titulaziorik gabe estetika-tratamenduak egiten zituen emakume bat atxilotu dute Bilbon
Titulaziorik gabe estetika tratamenduak eskaintzen zituen emakume bat atxilotu zuten atzo Bilbon, intrusismo profesionalaren delitua eta osasun publikoaren aurkako beste delitu bat leporatuta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez, herritar anonimo batek eman zien abisua atzo. Sare sozialen bidez emakume batek aurpegiko botox eta betetze tratamenduak iragartzen zituela jakin zuten. Iralabarri auzoko etxebizitza turistiko batean eskaintzen zuen zerbitzu hori.
Oharraren arabera, bezeroak zirela esan eta emakumearekin hitzordu bat itxi ondoren, uniformerik gabeko bi agente aipatutako etxebizitzara joan ziren. Han, tratamendua hasi aurretik, bi agenteak ertzain gisa identifikatu ziren, eta egiten ari zen lanerako beharrezkoa den titulazioa eskatu zioten. Ez zeukala baieztatu zutenean, atxilotu egin zuten.
Beharrezko izapideak egin ondoren, komisaldegira eraman zuten eta datozen orduotan utziko dute epailearen esku.