Udaberriko eguraldi eguzkitsua nagusituko da asteburuan
Oro har, eguzkia nagusituko da asteburuko ordu gehienetan, eta tenperatu maximoak 18-22 graduren bueltan kokatuko dira, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Hala ere, haizeak ipar edo ipar-mendebaldetik joko du, eta ez da bero sentsaziorik izango. Hala ere, ez da baztertzen igande arratsaldean zaparradaren bat egitea.
Gaur, ostirala, goiz goibel eta freskoaren ostean, argitzera egingo du arratsaldean. Goizean, behe-hodeiak nagusituko dira, eta ez da baztertzen euri txikia edo zirimiri pixka bat egitea, batez ere ipar partean. Arratsaldean, ordea, atertu eta hodeitza saretu egingo da; ostarte zabalak ikusiko ditugu leku askotan, eta hegoaldean eguzkitsu egongo da. Tenperatura maximoak 17-20 graduren bueltan kokatuko dira, haizeak ipar-mendebaldetik joko du, batez ere arratsaldean eta barnealdean, bereziki Nafarroan.
Larunbatean, itxura polita hartuko du eguraldiak, eta tenperaturak apur bat gora egingo du. Egunaren hasieran, behe-lainoa sor daiteke isurialde atlantikoko hainbat bailaratan, batez ere ekialdean. Alabaina, goizean hodeitza saretuz joango da, eguzkitsu gelditu arte. Haizea ahul ibiliko da, eta ipar ukitua hartuko du eguerditik aurrera. Tenperatura maximoak 18-22 ºC artekoak izango dira.
Igandean, oro har, udaberriko giro dotorea izango da. Egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, eguraldi eguzkitsua nagusituko da, goi-hodei batzuk gorabehera. Arratsaldean, ordea, mendebaldetik hasita, hodeiak ugarituz joango dira, eta baliteke iluntzerako zaparradaren bat botatzea. Tenperatura maximoak 18-22 graduren bueltan kokatuko dira.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.