Arabako aldiriko trenen zerbitzua abian da, astean 137 zirkulaziorekin: % 48 berriak edo luzatuak dira
Altsasu-Gasteiz-Miranda Aldiriak zerbitzua martxan da jada. Ostiral honetan hasi dira trenak zirkulatzen. Zerbitzu berriak bederatzi udalerri lotzen ditu, eta Araian, Agurainen, Dulantzin, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzunen eta Manzanosen ditu geltokiak. Eskaintzaren barruan, tren berriak daude eguneko tarte garrantzitsuetan, eta errefortzuak izango dira asteburuan, lehen Gasteizen amaitzen ziren ibilbideak luzatzeaz gain. Aurreko eskaintzarekin alderatuta, zirkulazioen % 48 zerbitzu berriak edo luzatuak dira.
Erakunde guztietako ordezkariak, Imanol Pradales lehendakaria eta Susana Garcia Chueca Mugikortasun Iraunkorreko sailburua buru zirela, tren horretara igo dira Gasteizko geltokian.
"Euskadi kohesionatu eta lurraldeka orekatu batean" kokatu du lehendakariak zerbitzu berria, "bi abiaduratan eraikitzen ez den Euskadi batean", eta "zerbitzu publiko onak eta lehen mailako konektagarritasuna" behar direla aldarrikatu du.
Eusko Jaurlaritzak urtean lau milioi euro inbertituko ditu zerbitzu horretan, eta zerbitzua Renfek eskainiko du, eta azpiegitura ADIFek kudeatu. Gainera, itxitako geltokietako atarteak berriro ireki dituzte, eta arreta telematikoa jarriko dute gehienetan.
Ekainaren 30era arte izango dute erabiltzaileek doako abonuak eskuratzeko aukera, betiere gutxienez zortzi bidaia egiten badituzte. Gasteizen salduko dituzte txartelak eta artatuko dituzte bidaiariak aurrez aurre, eta modu telematikoan ibilbideko gainerako geltokietan.
Arabak Bizkaiarekin eta Gipuzkoarekin bat egiten du horrela; izan ere, Renfek aldiriko zerbitzuak eskaintzen ditu, eta horien kudeaketa edo eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku dago aurtengo urtarrilaren 1etik.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da