Gasteizko eta Altsasuko bi gazte hil dira auto-istripu batean, Burgosen
Gasteizko eta Altsasuko bi gazte, 19 eta 20 urtekoak, hil ziren atzo Burgosen izandako auto-istripuan. Lehen ikerketen arabera, 200 metroko altueratik amildu zen ibilgailua Espinosa de los Monteros herriaren parean, 16:00 aldera.
Arabako Txirrindularitza Federazioak astelehen honetan jakinarazi duenez, Ibai Hoyos (19 urte, Gasteiz) eta Mikel Regil (20 urte, Altsasu) dira hildakoak. Biak ala biak txirrindulariak ziren.
Auto ezbehar horretan 18 eta 20 urte arteko beste hiru gazte zauritu ziren; horietako bi Gurutzetako erietxera eraman zituzten, larri. Hirugarrena, berriz, Burgosko ospitalera.
Hiru zaurituetako bi Gasteizen eta Altsasun bizi dira, Guardia Zibilaren eta bi udaletako iturriek baieztatu dutenez.
Ibai Hoyos eta Mikel Regil txirrindulariak ziren eta iaz Electro Alavesa taldean aritu ziren, Arabako Txirrindularitza Federazioaren arabera.
Antza denez, Hoznayoko rallya (Kantabria) ikusi ostean etxera zihoazen.