Ehunka lagun Araba Euskaraz jaia ospatzen ari dira Gasteizen
Gasteizko lorezainak egiten ari diren greba mugagabea dela eta, Armentia ikastolan, Mendizorrotzan eta Prado parkean egingo dute azkenean. Dena den, hasierako datari eta egitarauari eutsi diete.
2025eko Araba Euskaraz jaia, Gasteizen. Argazkia: EFE
Araba Euskaraz jaia ospatzen ari dira gaur Gasteizen, "Etengabe" lelopean. Kokagunea aldatu bada ere, Arabako ikastolen aldeko jaiak ehunka lagun bildu ditu aurtengoan ere. Izan ere, Gasteizko lorezainak egiten ari diren greba mugagabea dela eta, Armentia ikastolan, Mendizorrotzan eta Prado parkean egin dute jaia.
Aurtengo edizioan bildutako dirua Bastida ikastolara bideratuko da. Arabako Errioxan dagoen ikastola 1979an sortu zen, 9 ikaslerekin, eta egun 130 ikasle baino gehiago ditu.
Hasiera ekitaldian izan da, besteak beste, Lucia Torrealday Hezkuntza Politiketako sailburuordea. Euskara aldarrikatzeko eta eskoletatik kanpo ere euskarari bultzada emateko deia egin du, eta ikasleak euskaraz hezten jarraitzeko "ahalegin berezia" egin behar dela onartu du, "biziberritu" dadin. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak ere hartu dute parte ekitaldian.
Aurten, gainera, omenaldia egin diote Karmele Jaio idazle gasteiztarrari.
Egun osoko egitaraua, hiru gunetan banatuta
Euskal kultura ardatz eta herritarrak protagonista izango diren egitarau "askotarikoa" eta "parte-hartzailea" antolatu dute iganderako. Antolatzaileen esanetan, adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau zabala prestatu dute, eta ikuskizunak, musika, tailerrak, jolasak eta abar egongo dira bertan.
Jaia hiru gunetan banatuko da: Armentia ikastola (Lautada gunea), Mendizorrotzako aparkalekua (Mendia gunea) eta Prado parkea (Erreka gunea).
Aholkuak
Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileek hainbat aholku eman dituzte; tartean, Gasteizera joateko garraio publikoa erabiltzeko. Autoz joateko asmoa dutenei, berriz, Erromesen ibilbidean prestatutako aparkalekura joateko eskatu diete. Azkenik, edalontziak etxetik eramateko deia egin dute.
"Arbasoen su txikia"
Mikel Urdangarinek egin du aurten Araba Euskarazen kantua, Kirmen Uribek jarri dizkio hitzak, eta Iñigo Etxezarreta, Iñaki Ortiz de Villalva, Jon Basaguren, Libe Garcia de Cortazar, Iratxe Aguilera eta Adriana Fernandezen laguntza izan dute.