18 urteko gizonezko bat atxilotu dute Muxikan, hainbat adin txikikori sexu-erasoak egiteagatik festagunean
Ertzaintzak 18 urteko gizon gazte bat atxilotu du goizaldean Muxikan (Bizkaia), hainbat sexu-eraso delitu egotzita, San Roman auzoko jaietan bost neska adingaberi ukituak egiteagatik. Akusatua komisariara eraman dute, epailearen esku utzi aurretik beharrezko eginbideak egitera.
Goizaldeko ordu batak aldera, Ertzaintzak abisua jaso du gizon bat Roman auzoko jai-esparruan sexu-ukituak egiten ari zela jakinaraziz.
Gernika-Lumoko hainbat agente bertaratu dira, eta biktimetako batek emandako datuei esker, ustezko erasotzailea aurkitu eta jai-eremutik atera dute behar bezala identifikatzeko.
Horretan ari zirela, hainbat gazte hurbildu dira ertzainengana, mutil horrek berak sexu-erasoak egin dizkiela salatzeko.
Adingabeek zein gertakariak ikusi dituzten hainbat lekukok emandako azalpenen aurrean, Ertzaintzak atxilotu egin du 18 urteko gaztea, bost adingaberi sexu-erasoa egitea egotzita.
Ertzain-etxera eraman dute, beharrezko eginbideekin jarraitzeko. Horiek amaitutakoan, epailearen aurrera eramango dute atxilotua.
Zure interesekoa izan daiteke
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak