Pertsona bat hil da Zuian izandako trafiko istripuan
Auto bat errepidetik atera eta irauli egin da N-622an. Gidaria ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu da, eta bertan hil da.
Pertsona bat hil da gaur goizean N-622 errepidean, Zuia (Araba) parean, izan den trafiko istripuan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 08:30 inguruan izan da ezbeharra, Gasteizko noranzkoan.
Lehen ikerketen arabera, ibilgailua irauli egin da eta gidaria —bakarrik zihoan— harrapatuta geratu da. Bertaratu diren suhiltzaileak eta osasun-langileak gizonezkoa bizirik erreskatatzen ahalegindu diren arren, tokian bertan zendu da.
Istripuaren ondorioz, bidea itxita egon da hainbat orduz, eta hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira. Tarte horretan, Ertzaintzak Murgiatik bideratu du trafikoa.