Goizeko arazoak eta ilarak konponduta, lasaitasuna nagusi euskal errepideetan
Goizean, AP-8an hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira Biriatun. Halaber, AP-1erako sarbidea itxi behar izan dute, A-1 errepidean, Armiñonen, hiru autok istripua izan ondoren, baina eguerdirako ireki dute.
Gaur, uztailak 25 (jaieguna Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan), udako oporren hasiera da herritar askorentzat eta hori nabari da Euskal Herriko errepideetan.
Esaterako, hiru kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira AP-8 autobidean, Biriatun, trafiko astunak eraginda. Halaber, ibilgailuen joan-etorria handia izaten ari da A-8an, bereziki, Bizkaia eta Kantabria arteko mugan.
Araban, A-1 eta N-622 errepideak bat egiten duten tokian izan dira.
AP-1erako sarbidea, berriro zabalik
Eguerdia igarota ireki dute AP-1erako sarbidea Armiñonen, Burgosera bidean, goizeko lehen ordutik itxita egon ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, hiru ibilgailuk istripua izan dute A-1 errepidean, Armiñon parean.
Ezbeharra 09:00ak aldera gertatu da eta bi pertsona zaurituta eraman dituzte ospitalera. Ondorioz, AP-1erako sarbidea itxi dute Burgoserako noranzkoan, eta auto-ilarak sortu dira inguruan.
Bien bitartean, Ertzaintza aritu da trafikoa bideratzen.
Bi motozale zauritu dira Donostian
Gizon bat eta emakume bat zauritu dira gaur goizean Donostiako saihesbidean (GI-20), motor batek eta ibilgailu batek talka egin ostean. Zauritutako bi motozaleak Donostiako Ospitalera eraman dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ezbeharra 11:00ak aldera gertatu da eta ordubetez errepidea itxi behar izan badute ere, 12:00etarako berriro ireki dute.