Uda honetako beroak 41 heriotza utzi ditu orain arte Euskadin
Abuztu honetan, oraingoz, pertsona bakarra hil da Euskadin tenperatura altuen ondorioz. Heriotza hori udako bigarren bero-boladaren hasierarekin batera gertatu da, eta beroak luze joko du. Segurtasun Sailak hainbat abisu hori aktibatu ditu.
Gizon bat, Bilbon, iturri batean aurpegia freskatzen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Udaldian, oraingoz, beroak 41 heriotza utzi ditu Euskadin, gehienak ekainean (zehazki, 27), uda honetako lehen bero bolada izan zen hilabetean. Eguneko Hilkortasunaren Monitorizazio Sistemak (Momo) egindako kalkuluak dira, eta maiatzaren 15etik irailaren 15era arteko denbora hartzen du udatzat.
Euskadin beroaren ondoriozko lehen heriotza maiatzean izan zen, eta hilabete horretan heriotza bakarra izan zen arrazoi horrengatik. Tenperatura altuek eragindako heriotza gehienak ekainean gertatu ziren, zehazki, hileko azken hamar egunetan. Heriotza horiek udako lehen bero-boladarekin batera gertatu ziren; izan ere, 40 gradutik gora izan ziren hainbat herritan, eta 35 gradutik gora izan ziren, oro har.
Aurtengo eta iazko ekainean bildutako datuen artean bada alderik. Aurten, beroak 27 heriotza eragin ditu; iaz, lagun bakarra hil zen. Joan den uztailari dagokionez, beroak 12 heriotza eragin zituen, aurreko urteko hilabete berean zenbatutako kopuruaren paretsua (10). Iazko udan, maiatzaren 15etik irailaren 15era bitartean, 65 heriotza izan ziren beroagatik.
Momok abuztuaren 5era arteko datuak bildu ditu oraingoz. Orain arte, pertsona bakarra hil da Euskadin beroak jota. Heriotza hori udako bigarren bero-boladaren hasierarekin batera gertatu da. Oraindik egun batzuk luzatuko da, eta Segurtasun Sailak hainbat abisu hori aktibatu ditu.
Nafarroari dagokionez, joan den maiatzaren 16tik, beroari lotutako 86 patologia kasu jakinarazi zaizkio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari (NOPLOI). Artatuen % 63,2 gizonak izan dira, eta % 36,8 emakumeak. Pertsonen adina 10 eta 94 urte bitartekoa da, baina % 45,3k 36 eta 64 urte bitartean zituen.
Kasu guztietatik, % 31 aisialdiko jardueretan gertatu dira, hala nola igerilekuan, baratzean, paseoan edo eguzkitan dagoen eserleku batean egotean, a priori, arriskutsutzat hartzen ez diren ekintzetan.
Estatuan, oro har, oraingoz 1.500 lagun baino gehiago hil dira beroak hota, iaz baino % 42 gehiago.