Francis Diezek "jaiaren gure jainkosa" Marijaiari eskainitako oda batekin abiatu du Aste Nagusia
Aurtengo pregoilariak "ludikoa" den guztiari lekua uzteko gonbidapena egin du, jaiak "espazio seguru" eta aldarrikatzaile bihurtzeko beharra ahaztu gabe.
Gainezka zegoen Arriaga Plazan bildutako festazaleek pazientziaz itxaron dute larunbat arratsaldean Bilbon, Marijaia noiz agertuko zain. 19:00ak jota zirenean atera da Arriaga Antzokiko balkoira.
Francis Diez bilbotarra, Doctor Deseo taldeko abeslaria, izan da aurten jaien hasiera iragarri duen pregoia irakurtzeko arduraduna, eta festa erdigunean jarri duen pregoi hunkigarria egin du.
Pregoiari hasiera emateko, gogora ekarri du antzinako greziarrek "beren zeruan pentsatzen irakatsi" zigutela, Dioniso eromenaren eta jaiaren jainko zela, "bizitza on baterako eta munduak ondo funtziona dezan ezinbestekoa". Hori egiten du Marijaiak Bilbon, "jaiaren gure jainkosak". Francisek gonbidapena egin die festazale guztiei Marijaiak gisa "giro ona" bultza dezaten, "plazerrez, dantzaz eta transgresioz" beteta izango diren jaietan: "Batuta edaten duen herri batek batuta jarraituko du".
"Debekatua, ludikoa eta jostagarria dena" goraipatzeko deia egin du artistak. "Gure Aste Nagusia dibertimenduari egindako kantua izan dadila, beste zerbait garela sentiaraziko diguna", esan du, Doctor Deseoren Suspira y conspira abesti mitikoari erreferentzia eginez.
"Arau bakarra" aipatu du: "ezberdinen arteko errespetua". "Guztiok lagundu dezagun espazio segurua izan dadin" eta eraso matxistak, arrazistak eta homofoboak ez izateko. Amaitzeko, Ez ezetz da leloa gogorarazi du.
Bizkaiko hiriburuak aurretik dituen jaiegun hauetan, "mundu hobe baten alde borrokan jarraitzeko eta palestinarren genozidioari ez oihukatzen jarraitzeko indarrak batzeko" deia egin du.
Pregoia amaitu aurretik, Francisek bere Corazón de Tango ospetsua gogoratu du, eta jendetzak abesten lagundu dio.
Olatz Agirre txupinerak, Txori Barrote konpartsako kideak, botatako txupinak abiatu ditu Bilboko jaiak, bederatzi egun eta gau iraungo duen Aste Nagusia. Urtero legez, Badator Marijaia Bilboko Aste Nagusiko unerik zirraragarrienetako baten soinu-banda izan da, hasierako eztandarena.