Gizon bat ikerketapean, autoa mozkor eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik, bi bidaiari gorputza sabaitik ateratzen ari zirela, Iruñean
23 urteko gidaria bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertu dute. Autoan zihoazen bi bidaiariak ere salatu dituzte, segurtasun-uhalik gabe zihoazelako, mugikorrarekin grabatzen.
Iruñeko Udaltzaingoa. Argazkia: Iruñeko Udala
Gidabaimenik gabe eta mozkortuta auto bat gidatzen ari zen gizon bat ikertzen ari da Iruñeko Udaltzaingoa. Harekin batera bi emakume zihoazen autoan, eta horiek ere salatu dituzte, segurtasun-uhalik gabe, ibilgailuaren sabaitik gorputz erdia ateratzen ari zirelako.
23 urteko gidaria bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertu dute, 0,66ko alkohol-tasa zuela ari baitzen gidatzen. Gainera, ez zuen gidabaimenik, epai judizial bidez kendu ziotelako.
Ibilgailuan zihoazen bi bidaiari ere salatu dituzte, gorputz erdia autotik kanpo zutela, segurtasun-uhalik gabe eta mugikorrarekin grabatzen ari zirela egotzita.