11 pertsona atxilotu dituzte Bilboko Aste Nagusiko bosgarren gauean; batek osasun-langileei eraso egin die
Atxiloketa gehienak indarkeriaz egindako ebasketekin eta lapurretekin lotuta daude. Dena dela, beste delitu batzuk ere jazo dira, eta gizon bat ere atxilotu dute emakume bati ukituak egitea leporatuta.
Bilboko Aste Nagusiko bosgarren gauean hamaika atxiloketa izan dira; sei jai-esparruaren baitan eta bost kanpoan, gehienak indarkeriaz egindako ebasketekin eta lapurretekin lotutakoak. Dena dela, beste motatako delitu batzuk ere jazo izan dira, eta gizon bat atxilotu dute emakume bati ukituak egitea leporatuta. Halaber, pertsona bat artatzen ari ziren zenbait osasun-langileri eraso egin diete.
Gaueko istilurik handienak San Nikolas inguruan eta Areatzako txosnagunean izan dira, Bilboko Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Jai-esparruaren baitan, hiru pertsona atxilotu dituzte ebasketa saiakeragatik. Gainera, pertsona bat atxilotu dute osasun-langileen aurkako atentatuagatik, beste bat, indarkeriaz lapurtzeagatik, eta gizon bat, emakume bati ukituak egiteagatik.
Jai-eremutik kanpo, lagun bat atxilotu dute lapurretagatik, beste bat, erreklamazio judizialagatik, hirugarren bat, mehatxuengatik, laugarren bat, telefono mugikorrak lapurtzeagatik, eta azkena, ebasketagatik.