Milioi eta erdi parte-hartzaile eta "160 atxiloketa baino gehiago", Bilboko Aste Nagusiaren balantzea
Alkateak egindako lana eskertu die garbiketa, mantentze eta lorezaintzako udal zerbitzuei.
Bilboko txosnagunea, jaietako lehen asteburuan. Argazkia: Europa Press
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Aste Nagusiaren balantze "oso ona" egin du eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egunotan egindako lana goraipatu du, "160 pertsona baino gehiago atxilotu baitituzte". Igande honetan egin ditu adierazpenok, Sociedad Bilbainan eskainitako lehen balantzean, su artifizialen lehiaketaren irabazleari saria eman ostean.
Geroago ezagutu dira datu ofizialak: Aste Nagusian 165 atxiloketa izan dira, aurreko edizioan baino 7 gutxiago (horietatik 13 sexu-askatasunaren aurkako delituengatik), baita 1.046 salaketa ere.
Garbiketako, mantentze-lanetako eta lorezaintzako udal zerbitzuen lana eskertuz abiatu du goizeko agerraldia Aburtok, baita Udaltzaingoarena eta Ertzaintzarena ere.
"Ez dugu oso eraso matxista, arrazista edo homofobo kasu larririk izan, eta salatuak izan diren kasu guztietan erasotzailea atxilotu dute, guztietan", esan du Aburtok. Horren hitzetan, aurtengo jaietan atxiloketa gehiago izan dira, aurreko edizioan baino delitu gutxiago salatu badira ere. Horren arrazoia, Aburtoren hitzetan, "polizia-kidegoen atxiloketa- eta ikerketa-lana" da.
Era berean, Aste Nagusian jai-esparruan zein handik kanpo "legez kanpo saldu aurretik 200 kilo janari baino gehiago eta osasunerako arriskutsuak diren beste produktu batzuk" konfiskatu dituztela nabarmendu du, 2024an baino bi aldiz gehiago.
Bilboko alkateak igande honetan hedabideen aurrean eskaini duen lehen balantzea da.
Parte-hartzeari dagokionez, azaldu du "milioi eta erdi pertsona inguru" joan dela Bilbora Aste Nagusian -aurreko urteetan baino apur bat gutxiago-, eta "dozenaka mila parte-hartzaile" izan direla jaiegunetan egin diren jarduera eta ikuskizunetan.
Hori dela eta, eskerrak eman dizkie "modu arduratsu, zibiko eta dibertigarrian" parte hartu duten "milaka eta milaka pertsonei". "Zuei esker, Aste Nagusi bikaina izan dugu, jai jendetsuak, errespetuzkoak eta dibertigarriak", gaineratu du alkateak.
Azkenik, alkateak esan du zabor gutxiago bildu dutela eta gehiago birziklatu dela, oraingoz datu kuantitatiborik eman gabe. "Erronka ez da gehiago ez garbitzea, gutxiago zikintzea baizik", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda