Egoera hobetu da, baina 15 sute aktibo daude oraindik, eta su gehiago pizteko arriskua handia da
Egoerak geldiro-geldiro egin du hobera. Izan ere, Espainiako zenbait probintziatan suteak oraindik itzali gabe daude, horietako batzuk dagoeneko kontrolatutzat jo dituzten arren.
Baso-suhiltzaile batzuk, sua itzaltzeko lanetan, Ourense probintzian. Argazkia: Europa Press
Virginia Barcones Babes Zibileko eta Larrialdietako Espainiako zuzendari nagusiak esan du hainbat probintzia erretzen ari diren suteen bilakaera "ondo dabilela", baina nabarmendu du "oso geldiro" egiten ari direla aurrera, eta 15 sute oraindik aktibo daudela.
Koordinaziorako Estatuko Batzordeak eta Babes Zibileko Espainiako Sistemaren Koordinazio eta Zuzendaritzako Estatu Batzordeak egindako bileraren ostean egindako prentsaurrekoan Barconesek azaldu du 15 sute horietako 14 bigarren mailakoak direla jada, Larouco eta Oimbra (Ourense) udalerrietako suteak egonkortu egin direla eta 7 kontrolatutzat eman dituztela.
Barconesek azpimarratu du datozen orduetan eguraldia aldeko izango dutela sua itzaltzeko, baina ohartarazi du erne jarraitu beharko dela.
Estatuko Meteorologia Agentziak ohartarazi duenez, sute gehiago pizteko arriskua "oso altua edo muturrekoa" da penintsulako eremu askotan, bereziki iparraldean, erdialdean eta hego-ekialdean.
Igande arratsaldean sute bat piztu da Galizian, Avion herrian.
Leon eta Zamora probintzietako egoerek hobetzen jarraitzen dute, eta "perimetro zabaletako kontrol-lerroak egonkortutzat jo dituzte eta", nahiz eta "oraindik sua zabaltzeko aukera" egon.
Leonen, bi sute piztu dira azken orduotan, Garaño eta Molinaseca udalerrietan, eta Fasgarren itzalitakoa berriz piztu da. Hori dela eta, igandean 300 bat pertsona ebakuatu behar izan dituzte. Gauzak horrela, uneotan 12 udalerri daude ebakuatuta, eta 716 pertsona etxetik atera behar izan dituzte.
Larrialdietako Unitate Militarra 9 sutetan ari da lanean; horietako 7 aktibo daude, eta Larouco eta Oimbrako suteak itzaltzeko lanean jarraitzen dute, egonkortu badituzte ere.
Gainera, Leongo probintziako Garaño eta Molinaseca herrietan igande honetan piztu diren 2. mailako baso-suteen ondorioz, agintariek inguruko zortzi herri hustu behar izan dituzte.
Barconesek aitortu du "taldeak leher eginda" daudela seigarren belaunaldiko suteei aurre egiten 15 egun eman dituztelako, oldarkorragoak eta bortitzagoak izan baitira, baina baikor agertu da, erne jarraitu behar badute ere. Barconesek administrazioen arteko koordinazio ona eta lurraldeen arteko elkartasuna azpimarratu ditu.
Ekainaren 1etik abuztuaren 23ko 00:00ak arte erregistratutako suteen jatorria ikertu ondoren, 43 pertsona atxilotu eta 133 ikertu dituzte, suteekin zerikusia dutelakoan.