Israelen aurkako protestek EHUren ikasturte hasierako ekitaldia atzeratu dute
Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako elkarretaratzean, hainbat lagun elkartu dira Israeli boikota egiteko eskatuz eta EHUri eta Eusko Jaurlaritzari “genozidioaren konplize” izatea leporatuz.
Israelen aurkako protestek asteazken honetan Gipuzkoako campusean egin den Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) ikasturte hasierako ekitaldia atzeratu dute eta tentsio uneak izan dira.
Ekitaldiaren orduan elkarretaratzera deitu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Israeli boikota egiteko eskatuz eta Eusko Jaurlaritzari eta EHUri "genozidioaren konplize" izatea leporatuz. Oihuak eta tentsioa unibertsitateko eta erakundeetako ordezkariak, Imanol Pradales lehendakaria buru zela, iritsi direnean hasi dira. Ondorioz, ekitaldiaren hasiera 10 minutu atzeratu da.
Behin ekitaldia hasita, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea izan da hitza hartzen lehena. Palestinako herriari elkartasuna adierazi dio eta minutu bateko isilunea eskatu du. Bere hitzetan, “Europan olatu militarista kezkagarria” antzematen da eta “unibertsitateek sirenen kantu horiei aurre egin behar dietela” iritzi dio.
Errektore gisa izan duen lehen irekiera ekitaldian, EHUk gizartearekin duen konpromisoa eta nazioartekotzea bultzatzearen alde egin du Bengoetxeak. Horretarako bere lantaldeak hiru arlotan lan egingo duela azaldu du: 2026ko aurrekontuak, 2026-2028 plan estrategikoa eta estatutu berriak.
Bide horretan, Eusko Jaurlaritzarekin “elkarrizketa zintzo eta leiala” izateko prestutasuna azaldu du eta “komunitatearen zentzua mantentzeko” elkarkidetzearen aldeko deia egin du.
Pradales: "dogma, iraina edo agresibitatea inposatzen direnean" unibertsitateak "izateko arrazoia galtzen du"
Bere hitzartzean, unibertsitatea “askatasunaren eta pentsamendu kritikoaren espazioa” dela azpimarratu du Imanol Pradales lehendakariak; “pentsamendu eta ideia ezberdinak alderatu ahal eta behar diren lekua”. Baina, “epistemeari dogma, iraina eta oldarkortasuna gailentzen zaizkionean, bere izateko arrazoia galtzen du”, gehitu du.
Ukrainako eta Palestinako herriak pairatzen ari diren basakeria gaitzetsi du eta “guztion elkartasuna eta babesa” jaso ditzatela eskatu du, “giza eskubideen aldeko printzipioak defendatuz”.
Ekitaldian, ikasturteari hasiera ematearekin batera, Nekane Balluerka EHUko errektore ohiak, Jose Angel Iribar futbolari ohiak eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak EHUren urrezko dominak jaso dituzte.