Ertzaintzak identifikatu ditu jada Bilbon 21 urteko gizon bat hil zuten hiru lagunak
Identifikatu ostean, bilatzeko lanean ari dira. Erasoa igande goizean gertatu zen, Bilboko Solokoetxe auzoan. Biktimak arma zuriz egindako zauria zuen bularrean, eta Gurutzetako Ospitalean hil zen.
Ertzaintzak Bilboko Zumarraga kaleko edukiontzi batzuk miatu ditu, igande honetan Solokoetxe auzoan gizon baten hilketa ikertzeko. Argazkia: EFE
Bilboko Solokoetxe auzoan atzo goizean izandako hilketa ikertzen eta hiltzaileen bila jarraitzen du Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez. EITBk berri izan duenez, identifikatuta dituzte dagoeneko krimenaren ustezko hiru egileak, eta horien bilaketa da orain egiteko nagusia.
Atzo, goizeko zazpiak laurden gutxitan, Ertzaintzak abisua jaso zuen, Fika kaleko 33. atarian istiluak zeudela esanez, eta bertaratutako agenteek gizon bat topatu zuten, bularrean arma zuriz egindako zauria zuela. Larrialdi zerbitzuek Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen eraman eta gutxira.
Biktima identifikatu dute azken orduetan: 21 urteko gizona, jatorriz, marokoarra.
Ikerketa, zabalik
Lekukoen arabera, borroka baten ostean gertatu zen erasoa, eta liskarrean makilak eta, antza, botilak ere erabili ziren. Atzo, Ertzaintzak inguruko bizilagun eta tabernariekin hitz egin zuen informazioa biltzeko, eta hainbat toki ere miatu zituen.
Batetik, Fika kaleko 33. zenbakiaren parean biktima aurkitu zuten lekua; bestetik, metro gutxira dagoen Zumarraga kaleko eraikin bat, ustez erasotzaileak bertan egon direlakoan; eta, azkenik, inguruko edukiontziak, lekuko batek adierazi duelako erasotzaileetako bat zerbait botatzen ikusi zuela.
Polizia zientifikoak laginak hartu ditu azken orduetan, eta erasoan erabilitako arma bilatzen jarraitzen du.
Bien bitartean, ikerketak zabalik jarraitzen du.
Zure interesekoa izan daiteke
Ayesa Digital uholdeak aurreikusteko eta kalteak murrizteko proiektu bat garatzen ari da, konputazio kuantikoaren bidez
Aranzadiko migratzaileentzako konponbide bat eskatzeko kanpaldia hasi dute Iruñean
Euskadiko Futbol Federazioak Euskal Selekzioaren nazioarteko ofizialtasuna lortzeko prozesua berrabiarazi du
Indarkeria matxistaren aurrean emakumeak ez daudela bakarrik eta babes-sare oso bat dutela gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak
Donostian 400 etxebizitza babestu egiteko aurrerapauso garrantzitsua: Udalak Txomin Enea II birpartzelatzeko proiektua onartu du
Garabi handiak lanean ari dira Donostia Ospitaleko protoiterapia ekipoa instalatzeko
Eusko Jaurlaritza ume txikiak dituzten familientzako laguntzak ordaintzen hasi da