Gizon bat atxilotu dute Bilbon, atzo izandako hilketarekin zerikusia duelakoan
31 urteko gizon bat da. Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindik, gertakaria argitzeko. Beste bi gizonezko daude identifikatuta.
Ertzaintzako agenteek 31 urteko gizon bat atxilotu dute gaur arratsaldean Bilbon, igandean Bizkaiko hiriburuko Fika kalean 21 urteko gazte baten indarkeriazko heriotzan parte hartu duelakoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du 21 urteko gizon baten heriotza argitzeko. Atzo hil zen, Bilbon, arma zuriz egindako eraso baten ondorioz.
Igande honetako 06:45ak aldera, Bizkaiko hiriburuko Solokoetxe auzoko Fika kalean poliziaren presentzia eskatu zuten, kalean liskar bat izan eta pertsona bat zauritu zelako.
Bertaratutako patruilek arma zuriz bularrean zauritutako gazte bat aurkitu zuten, osasun-zerbitzuak artatzen ari zirela. Handik gutxira, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen.
Ertzaintzak ikerketa bat abian du gertakaria argitzeko eta, era berean, hilketa horren egilea edo egileak aurkitu eta atxilotzeko. Beste bi gizonezko daude identifikatuta, kasu honekin lotura dutelakoan.