Araba
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Abian da Bernedoko udalekuari buruzko ikerketa judiziala, lehen salaketa jarri eta lau hilabetera

EAEko fiskal nagusiak adierazi duenez, maiatzean epaitegira iritsitako polizia-atestatua "linboan" geratu zen.  Segurtasun Sailak adierazi duenez, gaur gaurkoz Ertzaintzak lau salaketa ditu erregistratuta, guztiak sexu-askatasunaren aurkako delituak

Bernedoko udalekuei buruzko ikerketa judiziala irekitzeko aurretiazko izapideak abiatu dituzte astelehen honetan, lehenengo salaketa Gasteizko Instrukzioko 3. zenbakiko Epaitegian sartu eta ia bost hilabetera.

Segurtasun Sailak astelehen honetan jakinarazi duenez, gaur gaurkoz Ertzaintzak lau salaketa ditu erregistratuta, guztiak sexu-askatasunaren aurkako delituak

Ertzaintzan lehen salaketa 2025eko abuztuaren 25ean jarri zen, ustez 2021ean eta 2022an Aibagarko udalekuetan eta 2023an eta 2024an Bernedon gertatutakoengatik.

Joan den ostiralean, berriz, irailaren 26an, hain justu, beste hiru salaketa erregistratu zituzten Laudioko, Gasteizko eta Deba-Urolako ertzain etxeetan.

Bernedoko udalekura joan ziren haurren familia batzuek egindako salaketen arabera, monitoreak biluzik dutxatzen ziren 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilekin, eta elkarrekin dutxatzera behartzen zituzten.

EITBri egindako adierazpenetan, Maria del Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak adierazi du Fiskaltzak komunikabideen bidez izan duela udaleku horietan gertatutakoaren berri, eta maiatzean epaitegira iritsitako polizia-atestatua "linboan geratu" zela eta ez zituztela "aurretiazko eginbideak hasi, derrigorrezkoa den arren".  "Epaitegiari eskatu diogu autoa berehala irekitzeko", gaineratu du.

18:00 - 20:00

Astelehen honetan bertan, irailak 29, jakin da abiatu dituztela aurretiazko izapide horiek. Horrekin batera, Gasteizko Instrukzioko 3. Epaitegiko epaileak biktimak deitzea agindu du, Ertzaintzaren atestatuan jasotako datuei erreparatuta.  Atestatu horrek Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako salaketa jasoko luke, 2024ko tutoretzapeko adingabe baten eta aurreko urteetako kasuak ikertzeko.

Gizarteari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu