Valentziako probintziak alerta gorrian jarraitzen du; Kataluniako Gobernuak, aldiz, “okerrena” igaro dela dio
Denboraleak 358 ml/m2 baino gehiago utzi ditu hamabi orduan Valentziako Erkidegoan. Bien bitartean, Kataluniako Gobernuak “zuhur” jokatzea eskatu du, nahiz eta egoerak hobera egin duen.
'Gabrielle' urakanaren hondarrak jarraitzen du Penintsulako ekialdea uholdez betetzen. Valentziako Meteorologia Elkarteak (Avamet) jakinarazi duenez, Valentziako Erkidegoan 358 kl/m2 baino gehiago pilatu dira hamabi orduan, eta alerta gorriari eutsi diote. Bien bitartean, Kataluniako Gobernuak ziurtatu du "okerrena" pasa dela dagoeneko, nahiz eta herritarrei ohartarazi uholdeen aurrean “erne” ibili eta “zuhur” jokatzeko.
Euriteak uholdeak eragin ditu Penintsulako ekialdean. Denboraleak ekitaldi eta eguneko jarduera asko bertan behera uztea eragin du.
Zaragozan, adibidez, erabat urpean esnatu dira Cuarte de Huerva eta inguruko herriaj.
Egoerak txarra izaten jarraituko du hurrengo orduetan, batez ere Kataluniako hegoaldean, Balear Uharteetan eta, modu kritikoagoan, Valentziako Erkidegoan, prezipitazio oso handiak eta uholdeak izateko eta ibaiek gainezka egiteko arriskua dago eta. Hori dela eta, muturreko fenomeno meteorologikoengatiko abisu gorriak indarrean daude eremu horretan.
Valentziako Erkidegoa
Valentziako Erkidegoak alerta gorrian jarraitzen du, lurraldeko zati handi batean. Avametek jakinarazi duenez, Gandiak (Valentzia) 356,8 l/m2 baino gehiago pilatu ditu hamabi orduan.
Aldi berean, 283 litro/m2 pilatu dira Pineten; 275,4 litro, Barxen; eta 190,2 litro, Rafelcoferren. Aldaian (Valentzia), bizilagunek errekak gainezka egingo ez ote zuen zain igaro dute gaua. Hain zuzen ere, 120 litro metro karratuko pilatu dira jada udalerrian.
Horrenbestez, Valentziako Udalak bertan behera utzi ditu eskolak, kirol eta kultur jarduerak, eta parkeak, lorategiak eta hilerriak itxi ditu, arriskua dago eta, baita GOIDIaren inguruko bilera ere. Izan ere, Erkidegoko 243 udalerritako milioi erdi ikasle baino gehiago eskola barik geratu dira, alerta dela eta.
Babes Zibilak, bestalde, alerta-mezuak bidali ditu Castelloko, Valentziako eta Ebroko deltako telefono mugikorretara. Mezu horietan, etxetik ez irtetea, ibaietatik eta amildegietatik urrun egotea eta 112 telefonora larrialdietan soilik deitzea eskatzen da.
Katalunia
Kataluniako Gobernuko Barne sailburuak, Nuria Parlonek, ziurtatu du "okerrena" igaro dela Tarragonako hegoaldean, eta ez dela "kalte larririk" izan.
Hala eta guztiz ere, Kataluniako Gobernuak ohartarazi du gora egin dezakeela arriskuak, eta "zuhur" jokatu eta "erne" ibiltzeko eskatu du. Hori dela eta, abisu laranjak aktibatuta jarraitzen du hainbat eskualdetan.
Kataluniako Meteorologia Zerbitzuaren (Meteocat) behin-behineko datuen arabera, euri-jasek 248 l/m2 utzi dituzte Ampostan; 168,9 Mas de Barberansen; eta 155,9 Els Alfacsen.
Tarragonan, euriak auto-ilarak eragin ditu AP-7an, Freginals parean, eta arazoak sortu dira N-340 errepidean, Ampostan. Larrialdi-zerbitzuek ohartarazi dutenez, egoera larriagotu egin daiteke gauean eta asteartean, euria etengabe botako duelako.