GMT 0, +1 edo +2: Zer ordu-eremu dagokio Euskal Herriari?
1884an gaur egunera arte heldu zaigun sistema ezarri zen: mundua 24 ordu-eremutan banandu zen. Espainiak zein Frantziak zegokien eremuan jarri zituzten erlojuak: GMT 0. Baina Gerra Zibilaren ondoren, bi estatuek GMT+1 ordu-eremua hartu zuten, Berlinekin bat egiteko, eta udan, gainera, beste ordubete aurreratzen dute.
Puesta de sol desde Bidart. Foto: EITB
2021ean Europako Parlamentuak Europako Batzordeari eta estatu kideei ordu aldaketei amaiera emateko eta zein ordu-eremutan geratu erabakitzeko koordinatzeko eskatu zien arren, eskaria stand by egoeran geratu zen, astelehen honetan Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gaia eztabaida publikora itzuli duen arte.
Sanchezek urtean birritan egiten dugun ordu aldaketarekin amaitzea proposatuko du astelehen honetan Europako Kontseiluan, "jada zentzurik ez" duelako. Sanchezen hitzetan, ia ez du energia aurrezten laguntzen eta jendearen osasunean eta bizimoduan "eragin negatiboa" du.
Eztabaidak ez du jada eraginik izango hurrengo ordu aldaketan: urriko azken igandean, 03:00etan 02:00ak izango dira berriro, eta udako ordutegitik neguko ordutegira pasatuko gara. Hala ere, Sanchezen proposamena aurrera ateratzen bada, azken ordu aldaketa izan liteke.
Zergatik aldatzen dugu ordua?
Eta zergatik aldatzen ditugu erlojuak martxotik urrira bitartean? Eguzki ordu gehiago erabiltzeko sortutako ordu aldaketa da. Lehen Mundu Gerran hasi zen erabiltzen, Adrian Diez Errioxako Unibertsitateko eta UNEDeko Geografia irakasleak azaltzen duenez, "udaberrian eta udan fabriketako ekoizpena ordubete gehiago luzatzeko helburuarekin, horrela argi orduak arratsaldean luzatuko direlako". Neurri hau ez zen modu uniformean aplikatu XX. Mendean zehar. 80. Hamarkadan, Europar Batasunak arautu egin zuen, eta gaur egun Estatu gehienetan aldatzen dira erlojuak udan.
Jose Manuel Borque Energiaren Euskal Erakundearen Efizientzia Arloko arduradunak azaldu duenez, udako ordutegia "elektrizitatea eta argiztapen artifizialean kontsumoa aurrezteko, leihoak dituzten eraikinetan, bulegoetan, ikastetxeetan, etxebizitzetan, edo kalean egiten diren lanetan, argi naturaleko orduak aprobetxatzeko".
Baina, aurrerapen teknologikoen ondorioz, aurrezte hori zalantzazkoa da gaur egun. Diez irakaslearen arabera, Europan eta AEBn egindako ikerketek "ez dute energia aurrezten denik ukatzen", baina esaten dute hori "gutxienekoa" dela, "are gehiago energia kontsumo baxuari eta eraikinei aplikatutako garapen teknologikoa kontuan hartuta, esaterako". "Zenbait ikerketen arabera, pertsonako 50 zentimo aurrezten dira urtean, eta besteen arabera, 6 euro", azaldu du Diezek.
Borqueren arabera, "teorian aurrezte potentzial bat egon arren, egin berri diren ikerketek adierazi dute ez dela lehen uste zuten bezainbeste aurrezten, eta neurri handi batean bakoitzaren kontsumo ohituraren araberakoa da. Beste sektoreetan, industrian eta garraioan, esaterako, hutsaren hurrengoa da aurrezten dena".
Ordu-eremuak
Euskal Herriko lurralde osoa, Espainia penintsular eta Frantzia kontinental ia osoak bezala, Greenwich meridianoaren ordu-eremuan (GMT 0) kokatuta dago. Hala ere, gure ordu-eremua Europa Erdialdekoa (GMT +1) da, eta gainera, udaro erlojuak aldatzen ditugu, ordu bat gehiago urruntzeko (GMT +2).
Garai batean, hiri handi bakoitzak bere ordua zuen. 1884an gaur egunera arte heldu zaigun sistema ezarri zen: mundua 24 ordu-eremutan banandu zen. Espainiak zein Frantziak zegokien eremuan jarri zituzten erlojuak: GMT 0.
Gauzak Espainiako gerra zibilaren ostean aldatu ziren. Diez irakasleak azaldu duenez, “1940an, Espainiako ordutegia Europakoarekin bat egin zezan, ordu bat aurreratzea adostu zen, gaur egungo Berlingo edo Europa Erdialdeko ordutegira (CET, GMT +2) igaroz. Greenwich meridianoak zehartzen dituen beste herrialde batzuetan, Frantzian edo Erresuma Batuan, esaterako, gauza bera gertatu zen. Behin behineko erabakia zena betirako geratu zen Espainian eta Frantzian; “Erresuma Batua GMT 0 ordu-eremura itzuli zen”.
Zer eragin dauka gaur egun arratsaldez eguzki ordu bat gehiago izateak? Batez ere, aisialdiari eragiten dio, eta horrek, ekonomiari. Diezen ustetan, "argi orduak egunaren azken txanpan luzatzeak aisialdirako denbora gehiago sortzen du, sektore horretako datuak hobetuz. Baina aktibitate horietako kontsumo energetikoa egunaren bukaeran ere kontuan izan behar dugu, desplazamenduetan zein establezimenduetan; horrek ustezko aurrezte energetiko hori murriztu lezake ordu aldaketagatik, baita kontsumoa gehiago igo ere”.
Arlo ekonomikoan iritzi desberdinak daude, baina argi dago udetako arratsaldeko ordu estra hori aisialdian gastatzen dugula, eta horrek gure osasunean ere ondorioak ditu. Gure ordutegiak, edozein kasutan, gure bizi eredua baldintzatzen du, eta kontinentean zehar aldatuz doa.
"Gure ordu eremu bera duten auzokide europarrak baino beranduago esnatzen eta oheratzen gara", azaldu du Diezek. Izan ere, beranduago ateratzen eta sartzen da Eguzkia. "Hemen lanera 8:00etan sartzen bagara", ekialderago dauden Europako herrialdeetan "gutxi gorabehera ordubete lehenago egin dute". Eta gauza bera gertatzen da egunaren bukaeran. "Ez goaz bat, eta arrazoia sinplea da: ordu eremu berean gaude guztiok, baina askoz mendebalderago gaude gu", azaldu du.
Desfase horrek produktibitatean ere badu eragina. "Beste europarrek jardunaldi intentsiboak egiteko eta bizitza familiarra modu errazago batean kontziliatzeko aukera dute, behintzat teorian, lana goizetan bildu dezakete, gu baino lehenago esnatuta. Ez litzateke izango errazagoa betiko eguzki ordu berean jaikitzea, baina erlojua begiratzean ordubete lehenago izatea?", galdetu du Diezek.
Nahiago dugu arratsaldez ordu bat gehiago izatea aisialdirako? Gure adoreari mesede egin diezaioke. Edo gusturago gaude goizetan argi ordu bat gehiago izanda? Horrek kontziliazioari eta loaldiari lagundu diezaieke.
Ze ordu-eremurekin geratuko ginateke?
Azkenean ordu-aldaketarekin amaitzea erabakitzen bada, EBko herrialde bakoitzak zer ordu-eremurekin geratuko den urte osorako erabaki beharko du.
"Ordutegi bat edo bestea hautatzeko izan litezkeen irizpide desberdinak herrialde bakoitzari zaizkion faktoreen araberakoak izango dira: klima, kokapen geografikoa, ohiturak, aktibitate ekonomiko garrantzitsuenak…", azaldu du Borquek. Azken finean, erabaki "partikularra" izango da, "oso desberdina" Estatu batetik bestera.
Gaur egun hiru ordu eremu daude Europar Batasunean, eta desfase handiena gurea da. Ikusteko dago Estatu bakoitzak hartuko duen erabakia, baina emaitza ordutegi pilo batek osatutako mapa bat izan liteke. Hori ere ez litzateke zertan arazo bat izan. Diez irakaslea "erlojuak eta eguzki ordua bat etortzearen" aldekoa da, "beti muga batzuekin koherenteak eta praktikoak izanda. Askotan hitz egin da Galiziako ordutegia GMT 0ra aldatzeari buruz, eta egia da oso mendebaldean dagoela Espainia eta Europarekiko, baina uste dut egokiagoa izango litzatekeela Penintsula osoko ordutegia aldatzea, eguzki orduarekin bat etortzeko", hau da, GMT 0ra itzultzea.
Galizia da aldea gehien nabaritzen duen autonomia erkidegoa. BNGk Galiziarentzako ordu eremua eskatu du askotan, Portugalen longitude berean dagoen arren, ordu bat beranduago bizi delako. Espainiar estatuak erabakiko balu udako ordutegia urte osora luzatzea, abenduan galiziarrek ez lukete Eguzkia ikusiko 10:00ak arte.
Zer gertatuko da mugaren bi aldeetan? Udako ordutegian geratuko dira Espainia eta Frantzia, bi orduko desfasean jarraituz? Neguko ordutegira itzuliko dira, alde hori ordu bat gutxituz? GMT 0 eremura itzultzea pentsatu al dute, Londresko ordutegia hartuz? Espainiar Gobernuak bere garaian iragarri zuenez, ez du ordu eremua aldatzeko asmorik, baina oraindik ez du "behin betiko erabakirik" hartu urtaroko aldaketei buruz.
Gerta liteke bi Estatuek kontrako erabakiak hartzea. Erlojua aldatu beharko ote dugu Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzen dugun bakoitzean? Dena erabakitzeko dago.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadik 340 milioi bideratuko ditu 2030era arte Lanbide Heziketa inklusiboagoa eta enpresarekin konektatuagoa izateko
Lanbide Heziketako Euskadi 2030 Estrategia bost ardatzen inguruan egituratzen da eta 20 helburu estrategiko eta 37 ekintza ditu. Euskadin, gaur egun, 51.600 ikasle daude izena emanda Lanbide Heziketan, eta matrikulazioa % 33 igo da azken hamar urteetan.
Adamuzeko tren istripuan zer gertatu den jakin egingo dela azpimarratu du Sanchezek
Espainiako Gobernuko presidenteak Estatuaren babesa adierazi die Kordobako tren istripuaren biktimei, eta tragediari emandako erantzunean batasun instituzionala nabarmendu du.
Zer dakigu Kordobako tren istripuari buruz? Zer dago argitzeko?
Ordu gutxi batzuk baino ez dira igaro Adamuzen zorigaiztoko tren istripua jazo denetik. Argitu gabeko arrazoiak direla eta, bart, abiadura handiko tren bat errailetik atera da, eta kontrako noranzkoan zihoan Renferen tren bat bidetik aterarazi du. Horiek dira, oraingoz, baieztatuta dauden datuak.
Zer dakigu Kordoban istripua izan duen Iryo tren-konpainiari buruz?
Iryo konpainia italiar-espainiarra abiadura handiko tren-operadore pribatu handiena da eta 2022ko azaroan hasi zuen jarduna Espainian. Astean 400 zerbitzu baino gehiago eskaintzen ditu, hiru korridore handitan banatuta: ipar-ekialdea (Madril-Zaragoza-Bartzelona-Tarragona.), hegoaldeko korridorea (Madril-Kordoba-Sevilla/Malaga) eta Levanteko korridorea (Madril-Cuenca-Valentzia/Alacant/Albacete/Murtzia).
Renferen ustez, giza akatsak eta gehiegizko abiadurak ez dute tren istripua eragin
Alex Fernandez Heredia konpainiako presidenteak azaldu duenez, "arraroa" da istripua gertatu den modua, eta "gertatutakoaren inguruan espekulatzea orain okerrena izango litzateke".
Herri Nortek sexu-erasoak gaitzetsi ditu eta ikerketan lagunduko duela ziurtatu du
Athleticen zale taldeak komunikatu bat atera du, sare sozialetan hainbat testigantza argitaratu ondoren eta arduradun politikoek gertatutakoa argitzeko eta biktimak babesteko eskatu ondoren.
Poztasuna nagusitu da Bilboko senegaldarren artean, Afrikako Kopa Senegalek irabazi du eta
Bilboko San Frantzisko kalean festa handia egin dute Senegal-Maroko partida amaitu ondoren. Finala senegaldarren pozarekin eta Marokoko zaleen etsipenarekin amaitu zen.
Gutxienez 39 hildako eta 48 ospitaleratu Kordoban, abiadura handiko bi trenen arteko istripuan
Trenetako bat errailetik atera da Adamuzeko (Kordoba) 1. trenbidearen sarrerako desbideraketan eta alboko trenbidean sartu da. Beste tren bat zebilen bide horretan, eta hura ere errailetatik atera da. Madril eta Andaluzia arteko abiadura handiko trenen zirkulazioa bertan behera geratu da.
Puentek azaldu duenez, Adamuzeko istripua zuzengune batean gertatu zen, trena berria zen eta trenbidea berrituta zegoen: "Oso arraroa da"
Oscar Puente Garraio eta Mugikortasun Iraunkorrerako ministroak esan du oraindik ez direla ezagutzen Adamuzeko (Kordoba) tren-istripuaren arrazoiak, baina "oso arraroa" dela adierazi du, ezbeharra zuzengune batean gertatu delako, trena nahiko berria zelako eta trenbidea duela gutxi berritu dutelako.
Adamuzen istripua izan duen Iryoko trena duela lau egun ikuskatu zuten
Trenbide-operadoreak erakundeen arteko koordinazioaren garrantzia azpimarratu du, eta administrazio eta udalerrien aldetik jasotako babesa eskertu du.