Gripeak eragindako ospitaleratzeak murriztu egin dira Euskadin, txertaketak gora egin ondoren
Osakidetzak jakinarazi du herritarren % 16,7k jarri dutela txertoa, eta 60 urtetik beherakoei eskatu die jartzeko.
Gripeak eragindako ospitaleratzeen kopuruak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aste honetan. 34 ospitaleratze erregistratu dira EAEko zentroetan, aurreko astean zenbatutakoen erdiak.
Guztira, 243 ospitaleratze eta 2.346 gripe-kasu erregistratu dira aurtengo kanpaina hasi zenetik. Intzidentzia % 160,78koa izan da Bizkaian, % 57,8koa Gipuzkoan eta % 23,57koa Araban.
Osakidetzak jakinarazi duenez, litekeena da, txertaketa-kanpaina indartu ondoren, immunizazioak areagotu eta horrek ospitaleratzeen beherakadan eragin izana. Txertaketa-kanpaina horren barruan, Bilboko La Casilla pabiloian txertaketa-gunea ireki izana nabarmendu behar da. Izan ere, pabiloi horretan 10.124 pertsonak jarri dute txertoa aurten, horietatik % 31,4k lehen aldiz.
Kanpainan gaitutako zentroetan, guztira 383.148 dosi eman dituzte eta biztanleriaren % 16,7 estaltzea lortu da. Estaldura hori % 43raino igotzen da 60 urtetik gorakoen artean, eta % 5era jaisten da adin horretatik beherakoen artean. Osakidetzak txertoa hartzeko gonbidapena egin die azken horiei.