"Niño Juan" askatu dute, ostiralean Madrilen bahitu ostean
Juan Maria Gordillo Plaza bizirik agertu da Madrilen, jipoia jaso izanaren zantzuak zituela.
Kale honetan bahitu zuten. Argazkia: EFE
Juan Maria Gordillo Plaza, Niño Juan, bizirik agertu da gaur, jipoia jaso izanaren zantzuak zituela. 38 urteko gizona ostiral gauean bahitu zuten Madrilen, Carabanchel auzoan.
Polizia Nazionalak bahiketan parte hartu zuen ibilgailuetako bat aurkitu du AP-41 autobidean. Barruan, su-itzalgailu bat aurkitu dute hustuta, aztarnak ezabatzeko erabilitakoa.
Gaur arte, baina, Poliziak ez du salaketarik jaso.
Bahiketa Madrilen
Niño Juan ostiral iluntzean bahitu zuten, 20:45 aldera, Carabanchel auzoan. Hiru autok laugarren bat jo zuten, tiro egin zioten, eta, jarraian, auto horretako gidaria bahitu egin zuten. Bahitu ondoren, bahitzaileek ihes egin zuten.
Poliziaren arabera, kontu-garbiketa bat omen zegoen horren atzean, baina oraindik ez dute baztertu beste arrazoi batzuk ere egotea tartean.