Genero indarkeria

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Gernikan, bikotekide ohia jipoitu, aizkora batekin mehatxatu eta ordu luzez atxikitzeagatik

50 urteko gizonaren aurkako urruntze agindua zeukan indarrean, emakume horren aurkako tratu txarren beste kasu batengatik. Erasotzailea espetxeratzeko agindua eman du udalerriko Guardiako Epaitegiak.

MAM-eko argazkia: juzgado-gernika_
Gernika-Lumoko Justizia Jauregia. Artxiboko argazkia.

50 urteko gizon bat espetxeratu dute Gernikan (Bizkaia) bikotekide ohiari eraso egitea, aizkora batekin hiltzeko mehatxua egitea eta ordu luzez atxikita edukitzea egotzita. Erasotzaileak hautsi egin du biktimarekiko zuen urruntze agindua.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, erasoa astearte goizaldean izan zen. Emakumeak salaketan azaldu duenez, bikotekide ohiarekin topo egin zuen kalean, orduan, besotik heldu eta gertuko eraikin batera eraman zuen, indarrez.

Emakumea barruan zegoela, atxilotuak kolpeka eta ostikoka hasi zitzaion, eta hiltzeko mehatxua egin zion, aizkoraz. Gainera, gizonak atea ere blokeatu zuen, bertatik alde egin ez zezan. Emakumeak goizean lortu zuen etxetik irtetea, eta ospitalean artatu behar izan zuten, hainbat kolpe zituelako.

Salaketa jarri ondoren, agenteek susmagarria atxilotu zuten, igande arratsaldean. Emakumeak erasotzailearen kontrako urruntze agindu bat zuen indarrean, haren aurkako tratu txarren beste kasu batengatik; genero indarkeriako delitu gisa ikertzen ari zen.

Polizia-izapideak amaituta, atxilotua Gernika-Lumoko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dute astelehen honetan, eta, ostean, espetxeratu egin dute.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X