DROGA-TRAFIKOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Espetxean sartu dituzte kilo bat kokainarekin Donostian atxilotutako hiru pertsonak

Ertzaintzak adierazi duenez, horietako batek kokaina irentsi egin zuen, kapsulatan sartuta, droga Brasildik Gipuzkoako hiriburura ekartzeko asmoz.

ertzaintza droga donostia
Argazkia: Ertzaintza

Ertzaintzak 19 eta 39 urte bitarteko hiru gizon atxilotu ditu Donostian, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Horietako bat Brasildik iritsi zen Gipuzkoako hiriburura, eta kilo bat kokaina kapsulatan ekarri zituen sabelean sartuta. Ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zuten, substantzia gorputzetik kanporatu ahal izateko. Hiru atxilotuak, epailearen esku utzi ondoren, astelehen honetan espetxeratu dituzte.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ostiral goizaldean, 01:30 inguruan, Ertzaintzako agenteek bi gizon ikusi zituzten maleta bat begiratzen, modu susmagarrian, Donostiako autobus geltokitik gertu. Agenteek bi pertsonak identifikatu eta maleta miatu zieten. 

Barruan kilo bat kokaina aurkitu zuten, hainbat ontzitan banatuta. Maletaren ondoan, hirugarren pertsona baten izenean zegoen motxila bat zegoen, eta pertsona hori autobus-geltokian bertan atzeman zuten.

Ertzaintzak jakitera eman duenez, susmagarrietako bat ondoezik zegoen, aurpegia zurbil eta sabeleko minez. Hamar bat kokaina-kapsula jan zituen, Brasildik Donostira garraiatu asmoz, baina ezin izan zituen kanporatu. Hori dela eta, osasun-zentro batera eraman behar izan zuten. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X