Martxan da Hernanin txotx denboraldian autobusentzako aparkalekua erreserbatzeko sistema
Txotx denboraldiaren kudeaketa hobetzea du helburu erreserba sistema berriak. Autobus pribatuek 60 euroko tasa ordaindu beharko dute (9 eta 34 plaza artean) eta 100 eurokoa, 35 plaza baino gehiagokoek. Dena dela, lehen hiru larunbatetan (urtarrilaren 24an eta 31n eta otsailaren 7an) doan izango da, baina derrigorrez erreserba eginda.
Hernaniko Udalak martxan jarri du txotx denboraldirako autobus antolatuak aparkatzeko sistema berria. Sistema hori urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra arteko larunbatetan egongo da indarrean.
Ohar batean, Hernaniko Udalak gogorarazi du joan den abenduan iragarri zuela 2026ko txotx denboraldiko larunbatetan herri horretara doazen autobus pribatuek plaza erreserbatu beharko dutela.
Zentzu horretan, erreserba dagoeneko egin daitekeela adierazi du, www.hernani.eus udal orriko estekaren bidez, edo zuzenean aparkalekuerreserba.hernani.eus gunera sartuta.
Urtarrileko azken-aurreko larunbatetik (urtarrilak 24) maiatzeko bigarren larunbatera (maiatzak 9) Hernanira autobus pribatuan hurbiltzen direnek erreserba egin beharko dute, nahitaez, bisitariak utzi eta hartzeko edo autobusa aparkatzeko. Udalak Ibaiondo industrialdean kontrolatutako eremu bat egokitu du horretarako, eta 60 autobus pribaturi emango die zerbitzua.
Gainera, Udalak gogorarazi duenez, "erabat debekatuta egongo da autobus pribatuak Ibaiondoko gunetik kanpo gelditzea, aparkatzea eta zirkulatzea". Neurria berria denez eta sistema proba-fasean dagoenez, aparkatzea doakoa izango da lehenengo hiru larunbatetan (urtarrilaren 24an eta 31n, eta otsailaren 7an), baina erreserba egitea derrigorrezkoa izango da.
Ekitaldi jendetsua
Gainera, iturri berdinek azaldu dutenez, neurri horrek txotx denboraldiaren "kudeaketa hobetzea" du helburu, duela hamarkada batetik "ekitaldi jendetsua" bihurtu baita.
Ildo horretan, "Hernaniko herritar askok eguneroko bizitza egiteko zailtasunak" dituztela deitoratu dute, eta sistema horrekin eta "ekintza integraleko plan" batean bildutako beste neurri batzuekin "txotx denboraldian Hernaniko hirigunean izaten den jende joan-etorria antolatzea eta Hernaniko herritarrek espazio publikoa berreskuratzea" bilatzen dela.
Sagardotegietan jateko erreserbek ez dute eraginik izango sistema honetan, establezimenduetatik bertatik kudeatzen baitira, zuzenean. Autobus pribatuek 60 euroko tasa ordaindu beharko dute (9 eta 34 plaza artean) eta 100 eurokoa, 35 plaza baino gehiagokoek. Erreserbetan aldaketak egin ahal izango dira bezperara arte, eta bertan behera utzi, astebete lehenago arte.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera